Gure ustez Jaurlaritzak (EAJ eta PSEk) hartutako erabaki hori akats larria da, behin eta berriz aipatzen den gobernantza kooperatibo eta parte-hartzailearen aurkakoa, izan ere, hitzetan sarri goraipatzen bada ere, praktikan ez da gauzatzen.
Gobernu Kontseilu batean 145.142 sinadura kolpe batez baztertzeak, milaka pentsiodunek, bereziki emakumeek, egunero pairatzen duten prekarietateari bizkar ematea suposatzen du. Horrez gain, Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren mobilizazio eta borroka nekaezina gutxiestea ere bada.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Mikel Torres sailburuari eskatzen diegu erabaki hau berraztertu eta jarrera horren inguruan hausnartu dezaten. Gure herrian baditugu pentsio duinak bermatzeko eta prekarietateari aurre egiteko beharrezko baldintza sozioekonomikoak, borondate politiko apur bat besterik ez genuke behar horretarako.
Amaitzeko, EH Bilduk aldarrikapen horrekin duen konpromiso osoa berresten du, eta etenik gabe lan egingo du Eusko Legebiltzarrean dozenaka mila pentsiodunen ahotsa entzun dadin eta gai hau behar bezala eztabaidatua izan dadin.