Gipuzkoak duen egoera soziopolitikoagatik, badu Euskal Herriarekiko erantzukizun bat, badagokigu trakzio lana egitea gure nazioaren oinarri diren gaietan (euskararen normalizazioa, euskal kultur sorkuntzaren sustapena etab.).
Euskal autogobernua mugatzen duten eskumenen oinarriak birplanteatzea beharrezkotzat jotzen dugu, hainbat gai ahalbideratzeko. Esaterako, egungo Estatutua osorik egikaritzeko; esperientzia autonomikoan murriztutako autogobernua berreskuratzeko; eskumeneak areagotzeko; eta euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko beharrezko eskumen guztiak, hemen, euskal lurraldeetan edukitzeko.
Estitxu Elduaien Gipuzkoako EH Bilduren batzarkideak, azaldu zuenez, “pozten gara Batzar Nagusi hauetako bi talde handienek, herritarren hiru laurdena baino gehiago ordezkatzen dugunok, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortua izan dadin aldarrikatzea. Eta pozten gara, eta eskertzen dugu adostasunera iristeko EAJk erakutsitako borondatea. Akordioa posible da, edukien inguruan jarduten denean eta horretarako jarrera eraikitzailea denean”.
Baina gai honek erakusten digu, beste behin ere, bi gobernuko Foru Aldundi bat dugula une honetan Gipuzkoan, bakoitza bere programarekin eta bere ildo politikoaren, elkarri mokoka gero eta sarriago aritzen diren bi gobernu, batasun irudia eman arren, bakoitzak bere interesak eta bideak defendatzen dituena.
“Anekdota bat irudi dezake, baina ez da. Gai serioa da. Oso. Izan ere, horrek erakusten du interes alderdikoiak babestu eta botereari guztiaren gainetik eutsi nahia, herritarren beharren eta haiek emandako mandatuaren gainetik. Eta hori, jaun-andreok, herritarrei iruzur egitea da”, esan zuen Elduaienek.
Zaintza zerbitzu publikoan ere, Foru gobernuak konpromisoak hartzea lortu dugu
Zaintzaren arloari dagokionez, lehen aldiz ekin zaio ganbera honetan zaintzaren koordainketaren inguruko eztabaidari. EH Bildurentzat albiste ona da, Estitxu Elduaien batzarkidearen esanetan, “foru gobernuaren hitzetan orain arte ezinezkoa zen gai bat mahai gaineratu eta konpromisoa hartzea lortu dugu, eta benetan zoriontzekoa dela nabarmendu nahi dugu”.
Zehazki, 2026an herritarrek zaintza zerbitzu publikoengatik koordaintzen duten kopurua murrizteko prozesua abiatzeko konpromisoa hartu dute foru gobernua sostengatzen duten EAJk eta PSEk, eta horretarako, 15/2015 foru dekretua berrikustea, ordaintzeaz salbuetsita gelditzen diren pertsonen kopurua handitzeko, eta ordaindu behar dutenek orain ordaintzen dutena baino gutxiago ordaintzeko. Zaintzaren unibertsaltasunera bidean pauso garrantzitsua da, ezbairik gabe, eraldaketarako benetako pausoa.