Asteazkenean HERRI BATZARRA Maddalen Iriarterekin

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona 2025ko urr. 31a, 11:13

Amasa-Villabonako EH Bilduk Herri Batzarra egingo du datorrean azaroaren 5ean arratsaldeko 18:30etan Gurea zineko Erakusketa gelan. Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramailea izango da hizlari gonbidatua. 

Herri Batzar honen helburu nagusia EH Bilduk hego Euskal Herrirako onartu duen 2025-2027 Plan Politiko berriaren ezaugarri edo zertzelada nagusiak herriko militantzia eta oinarriarekin partekatzea izango da.

Plan Politiko horretan, EH Bilduk egungo egoeraren azterketa egiten du (Euskal Herriaren, espainiar estatuaren eta nazioarteko egoeraren analisia), 2025-2027 epealdirako helburuak zehazten ditu, eta datozen hilabeteetan garatuko duen ildo politikoaren ardatz nagusiak definitzen ditu. 

Horrekin batera, ikasturte honetarako EH Bilduk osatu duen egutegia eta kronograma partekatuko dira, non inflexio puntu garrantzitsuak izan daitezkeen hainbat data eta ekimen zehazten diren.

Bestalde, EH Bilduren Nazio Batzarrak Donostian onartutako "Euskal Herria prest!" dokumentua eta bertan jasotzen diren erronkak eta dinamikak aurkeztuko dizkigu Maddalen Iriartek. Besteak beste, hurrengo hilabeteetan EH Bilduk herriz-herri eta auzoz-auzo garatuko duen Nazio Elkarrizketa entzute masiborako prozesuaren oinarri eta ezaugarri nagusiak partekatuko dira herri batzar honetan.

Prozesu herritar masibo horren bidez, EH Bilduk tokian toki herritarrekin eta gizarte zibil antolatuarekin (eragile sozialak, kulturalak, mota guztietako elkarteak, gremioak...) egon eta lasaitasun osoz esateko duten guztia entzun nahi du, gure auzo edo herrien egoera sakonki ezagutzeko eta diagnostiko zehatzak osatzeko. Gure ustez ezinbestekoa baita arloz-arlo gaur egun dugu egoera ondo ezagutzea, ondoren erronkak definitzen asmatzeko eta erronka horiei aurre egiteko politika eraginkorrak diseinatu eta martxan jarri ahal izateko. 

Amasa-Villabonako EH Bildutik, Herri Batzar ireki honetan parte hartzeko gonbidapena egiten diegu ezkerrekoak eta burujabetzaren aldekoak diren herritar guztiei. Anima zaitezte!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!