Amasa-Villabonak behar duen udal aurrekontu aurrerakoi eta soziala onartu dugu

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona 2025eko abenduaren 5a

EH Bilduren udal taldeak osatutako 2026. urterako udal aurrekontua, azken urteetako ibilbideari jarraipena emateko eta udal gobernuaren kudeaketa plana aurrera eramateko tresna eraginkorra izango da. 

Udalbatzan onartu berri dugun udal aurrekontuak Amasa-Villabonako herritarrek une honetan behar duten udal politika publiko aktibo, aurrerakoi, parekide eta jasangarria aurrera eramatea ahalbidetuko digu. Udal gobernuaren ekinbidetik gure herrian aurrera urratsak ematen jarraitu nahi dugu justizia sozialean, berdintasunean, jasangarritasunean, zaintza sistema publiko komunitarioaren eraikuntzan, euskalduntzean edota larrialdi klimatikoari erantzuteko ezinbestekoa den energia trantsizioan. Alegia, une historiko honetan gizarte eta herri gisa ditugun erronka nagusiei heltzeko balioko duen aurrekontu bat osatzen asmatu dugula baloratzen dugu.

2026. urtean udal gobernu honek 2019tik garatu dituen ezkerreko politiketan sakonduko dugu eta herritarrei hitz emandako hainbat egitasmo eta proiektu aurrera ateratzeko urtea izango da. Hori da gure xedea eta horretarako lan egingo dugu.

Horrela, aurrekontu proposamen hau dagoeneko abiatutako ibilbideari jarraipena emateko dago egina. Ibilbide horrek norabide eta herri proiektu argi bat du eta hori frogatzen duten hainbat elementu eta datu jarri nahi genituzke mahai gainean:  

1. Lehentasuna herritar guztien ongizatea da.
Herritar guztiek beren oinarrizko eskubideak bermatuak izango dituen eta inor atzean utziko ez duen herri parekidea izan nahi dugu; pobreziarik, bazterketa sozialik edota indarkeria matxistarik gabeko herria. 
Horretarako, ahalegin berezia egiten jarraitzen dugu Gizarte Zerbitzuen saila indartzeko, prestazio eta zerbitzu publiko berriak martxan jartzeko eta politika feministak aurrera eramateko. Aurtengoan beste ia %10ean igoko dugu gizarte zerbitzuen sailaren aurrekontua eta aipagarria da urtetik urtera udal aurrekontu osoan sail honek duen pisuak hazten jarraitzen duela.

Datu esanguratsu batzuk: 2019. urtetik, Gizarte Zerbitzuen aurrekontuak %213,6an egin du gora eta sail honek udal aurrekontu osoarekiko suposatzen duen portzentaia %6,3a izatetik, %10,15ekoa izatera pasatu da. Datu hauek agerian jartzen dute udal gobernu honek politika sozialekin duen konpromiso sendoa. Beste urte batez, harrotasunez esan dezakegu 2026koak Amasa-Villabonak inoiz izan dituen aurrekontu sozialenak izango direla.

2. Gobernuaren gastu alderdikoia murrizten jarraitzen dugu. 
Udal gobernu honek irizpide berbera mantendu du alkatetza eskuratu zuenetik, gobernuak bere eskuetan dituen zenbait zuzeneko gastu murriztea. Protokolo gastuak, aholkularitza gastuak, propaganda egiteko egitasmo edo ekintza alderdikoiak, zinegotzi edo alkateen dietak etab. nabarmen murriztu edo zuzenean ezabatu ditugu. Gardentasuna eta zintzotasuna dira gure printzipio nagusietakoak eta nahiz eta zilegia izan, ez zaigu batere gustatzen herritar guztiena den diru publikoa gure mesederako edo gure intereserako erabiltzea. 

Hau ere datuekin frogatu dezakegu: 2019. urtetik, udal gobernuaren edo alkatetzaren aurrekontua %60an murriztu dugu eta aurrekontu osoan sail honek hartzen duen pisua %4,3koa izatetik %1,9a izatera pasatu da.

3. Ingurumena eta mendien kudeaketarako aurrekontuak hazten jarraitzen du.
Klima larrialdia, gure herriak eta mundu osoak XXI. mendean duen erronkarik garrantzitsuenetakoa da zalantzarik gabe. Kapitalismoak sustatzen duen etengabeko hazkunde ekonomiko neurrigabeak, gure planetaren etorkizuna bera kolokan jarri du eta dagoeneko atzeraezinak diren hainbat fenomeno eragin ditu; beroketa globala, ezegonkortasun klimatikoa, fauna eta flora espezie ugariren desagerketa, gertaera klimatiko katastrofikoen ugaritzea etab. 
Honen aurrean, eta gure eskalan, dagokiguna edota gure eskuetan dagoena egitea tokatzen zaigu; alegia klima larrialdiari aurre egiteko ingurumen politikak indartzea. Horretarako zehar-lerroak diren hainbat egitasmo ditugu martxan, besteak beste Amasa-Villabonako Energia Plana. Plan honen bidez argindar kontsumoa gutxitzeko eta energia autokontsumoan sakontzeko proiektuak garatzen jarraituko dugu (adibidez, argiteria publikoaren aldaketa eta modernizazioa bai kaleetan eta baita udal eraikinetan ere, edo plaka fotovoltaikoen instalakuntza berriak ezartzea).

Horrekin batera Amasamendiko gure mendi eremua kudeatzeko garaian eredugarriak izan nahi dugu, gure herriak sortzen duen aztarna klimatikoa ahalik eta txikiena izan dadin. Zentzu horretan 2026. urtea garrantzitsua izango da planaren lehen 10 urteetako garapena baloratu eta datozen 10 urteetarako 2. plangintza diseinatuko baitugu. Gure norabidea argia da, interes ekonomikoen gainetik, gure mendien birnaturalizazioan sakonduko dugu bertako ekosistema naturalak berreskuratuz eta XX. mendeko landaketa artifizialak behin betirako desagertze bidean jarriz.
Ingurumenarekin lotutako beste hainbat gai ere jorratu nahi ditugu datorren urtean, hala nola, mugikortasun jasangarria, hondakinen gaikako bilketaren gainbeherari aurre egitea, ibai eta erreka inguruen garbiketekin jarraitzea etab.

Datu esanguratsu batzuk: Ingurumena eta mendien saileko aurrekontua %5,5ean igoko da pasa den urtearekin alderatuta eta 2019. urtetik %54ko igoera izango du. Sail honek udal aurrekontuan duen pisua ere igotzen doa  eta 2026an %8,3ra igoko da.

4. Hizkuntza politika eraginkorra, euskarak bizi duen gainbeherari aurre egiteko.
Azken urteetan Euskal Herrian egin diren azterketa soziolinguistiko guztiek erakusten dute euskarak, gure hizkuntzak, goia jo duela eta gainbeheran murgiltzeko arrisku bizia duela. Urtetik urtera, euskara hizkuntza nagusia den arnasgune geografikoak (herri euskaldunak) gutxitzen eta desagertzen doaz, orokorrean herritarrek euskaraz hitz egiteko duten gaitasuna gero eta eskasagoa da, euskararen erabilera gehienez ere mantendu egiten da eta leku askotan behera egin du nabarmen, justizia espainiarraren aldetik jasaten ari garen euskararen aurkako oldarraldiak hizkuntza politikak garatzeko esparruak eta tresnak indargabetzea bilatzen du, pantailen munduan erdaren nagusitasuna erabatekoa da etab.
Beraz, klimaren kasuan bezalaxe, hizkuntza larrialdi egoeran murgiltzen ari gara, eta duela gutxi ziurtzat genuen euskararen biziraupena bera, zalantzan jartzen ari da berriro ere.
Honek guztiak, udaletik Euskaran Ados! mahaiaren bidez euskalgintza antolatuarekin elkarlanean, hizkuntza politika ausart eta eraginkorrak garatzera eraman behar gaitu ezinbestean, eta gu horretarako prest gaude. UEMArekin batera eta gure udal euskara zerbitzuaren bidez, euskara lehenetsiko duen hizkuntza politika garatzen jarraituko dugu, konbentzimendu osoz eta gerta litezkeen eraso edo xantaia judizialei men egin gabe.

Horregatik azken urteetako joerarekin jarraituz, 2026an %5ean igoko dugu Euskara sailaren aurrekontua. Aipatzekoa da azken 6 urtetan sail honen aurrekontua %42an igo dugula.

5. Dirulaguntzen hazkundea, herri bizi-bizia izaten jarraitzeko.
Herriko eragile, talde eta elkarteei bideratzen zaizkien dirulaguntzak oso garrantzitsuak dira guretzat. Batez ere Kiroldegiko ekarpenaren murrizketagatik aurtengoan dirulaguntzen kapituluan murrizketa egon dela ondoriozta badaiteke ere, herriko elkarte eta taldeek bere urteko jarduna aurrera eramatera bideratzen diren laguntzak mantendu edo gora egiten dute. 
Uste dugu udal honek azken urteetan garatu duen dirulaguntza politika finkatu eta indartu beharra dagoela, gure herriari sekulako ekarpena egiten dioten kultura, kirol, aisialdi edo alor sozialeko elkarteei bultzada bat ematea ezinbestekoa iruditzen zaigulako. Balorean jarri nahi dugu Amasa-Villabonan dugun elkartegintza sare zabal eta anitza, eta elkarte hauetan boluntario gisa lan egiten duten ehunka herritarren ekarpen ordainezina. 

Gure konpromisoa argia da eta zenbakiek ere argi erakusten dute: azken 5 urtetan dirulaguntzen aurrekontuak %34 egin du gora.

6. Herriko merkataritza sustatzeko eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko aurrekontuak.
Gurea merkataritza herria izan da historikoki eta horrela izaten jarraitu nahi dugu. Horregatik azken urteetan martxan jarritako herri-merkataritza sustatu eta biziberritzeko politikak mantendu eta indartuko ditugu. Datorren urtean ere, Merkataritzan Ados! mahai irekiaren bidez herriko merkatariekin elkarlan estuan jardungo dugu eta aurrekontuan ia 100.000 euro ezarri ditugu elkarlan horretatik sortu daitezkeen ekimenak garatzeko. 

Etxebizitzari dagokionez, argi dago merkatu kapitalistaren espekulazio basatiak eragindako prezioen igoera neurrigabeagatik, etxebizitza duin bat eskuratzeko ezintasuna, gaur egun gizarte gisa dugun arazo larrienetakoa dela. Egoera lazgarri honi erantzun bat emateko, udal gobernu talde hau bere eskuetan dagoen guztia egiteko prest dago aurten osatutako Etxebizitza Planean jasotako ekintzak garatzeko. Horretarako konpromiso irmoa dugu eta besteak beste, alokairuen prezioak mugatu ahal izateko Amasa-Villabona tentsio eremu deklaratzeko eskaera bideratuko dugu, etxebizitza hutsei kanona aplikatzeko prozedura abiatuko dugu eta etxeak alokairura ateratzeko obrak egiteko dirulaguntza lerro berria martxan jarriko dugu. Ezin dugu onartu gure herrian jendea etxea lortu ezinik egotea, jenderik gabeko 200dik gora etxe daudenean. Horretarako bereziki etxebizitza hutsen jabeei zuzendutako informazio kanpaina berezi bat garatuko dugu une honetan hutsik dauden etxe horiek merkatura atera daitezen, lehentasunez alokairuen merkatura.

INBERTSIO GARRANTZITSUAK:
Udal inbertsioei dagokionez, 2026. urtea urte oso garrantzitsua izango dela aurreikusten dugu. Gure kudeaketa planean eta herri programan jasotako egitasmo handienetako batzuk datorren urtean gauzatzea da helburua eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu gure herriak beharrezkoak dituen inbertsio publiko hauek denak edo gutxienez gehienak errealitate bilaka daitezen datozen 12 hilabeteetan.

Hauek izango dira 2026. urteko inbertsiorik aipagarrienak:
- Udal liburutegiaren handitzea eta eraberritze integrala
- Txermin auzoaren birurbanizazioa
- Erxeondo auzoaren eraberritzea
- Arroako plazaren lurzoruaren konponketa 
- Zizurkil eta Villabona arteko oinezkoen zubia eraberritzea
- Energia Planean jasotako inbertsioak
- Fleming Herri Eskolako instalakuntzak hobetzeko inbertsioak
- Agaraitz industrialdeko ur-zikinen saneamendu sistemako obra
- Irisgarritasuna hobetzeko lanak
- Bidegorri sarea
- Klima aldaketaren aurkako plana
- Etab.

Ezin dugu aipatu gabe utzi, urteetako lanketa eta negoziazioen ondoren, azkenik onartu dela Villabona eta Amasa lotzen dituen errepidea zabaldu eta alboan espaloia eraikitzeko proiektua. Ondo bidean proiektu hau datorren urtean gauzatuko litzateke eta udalak bere konpromisoa betez, 700.000 euroko diru-funtsa prest dauka horretarako.

Oposizioko alderdien jarduera politikoaren balorazio laburra
Tamalez, beste urte batez, egiaztatu dugu oposizioko alderdiek, EAJ-PNVk eta PSEk, ez dutela herri hau hobetzeko pisuzko edo gutxienez aipagarriak izan daitezkeen ekarpenak egiteko borondate politikorik. 
Aurkeztutako zuzenketa apurrak nahiko eskasak izan dira, pisu espezifikorik gabeak eta nahiko inprobisatuak iruditu zaizkigu. Datuek dena esaten dute: 
- EAJ-PNVk aurkeztutako zuzenketen baturak udal aurrekontuaren %0,7a suposatzen dute eta ez dago ekarpen bat bera ere inbertsioen atalean.
- PSEk aurkeztutako zuzenketen baturak udal aurrekontuaren soilik %0,24ari eragiten die.

Datu hauek ondorengoa adierazten digute: Edo udal gobernu honek aurkeztutako aurrekontu proposamena oso ona iruditu zitzaien oposizioko bi alderdiei, eta horregatik zuzenketa oso txikiak aurkeztea erabaki zuten. Edo oposizioko alderdiek ez dute inolako interesik udal politika propositibo bat garatzeko eta ondorioz, ez dute ahaleginik egin nahi izan udal aurrekontua hobetzeko eta pisuzko ekarpenak mahai gainean jartzeko.

EAJ-PNVko eta PSEko oposizioko ordezkariek aurrekontu proposamena aztertzeko ia hilabete bateko epea izanda, zuzenketa txiki gutxi batzuk aurkeztu ondoren, ulergaitza iruditzen zaigu Udalbatzan aurrekontu proposamenaren aurka bozkatu izana. Jokabide hau ez zaigu batere serioa iruditzen eta oposizioko alderdien koherentzia falta ageri agerian geratu dela uste dugu. EH Bilduk aurkeztutako aurrekontua kontra bozkatzeko bezain txarra dela iruditu bazaie, non daude zuzenketa edo aldaketa proposamenak? Hau al da horrenbestetan aipatzen duten "oposizio erakintzailea"? Erakutsi duten jokabidea modu askotara deskriba daiteke, baina inola ere ez eraikitzaile bezala.

Balorazio orokorra
Amaitzeko, eta balantze orokor moduan, konbentzituta gaude 2026. urterako mahai gainean jarri dugun udal aurrekontua, Amasa-Villabonak une honetan behar duen aurrekontua dela. Aurrekontua orekatua eta zuhurra da, udalaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duena, baina aldi berean anbiziotsua eta eraginkorra dela uste dugu. Gu ez gaudelako politikan dagoena kudeatzeko, gaizki dauden gauzak aldatzeko, Amasa-Villabona duin, justu eta parekidea lortzeko, eta pertsona aske eta berdinen Euskal Errepubilka sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko baizik. Gu militante politikoak gara eta gure herriaren askatasuna lortzeko borrokatzen dugu egunez egun, bai instituzioetan eta baita kalean ere.

Umiltasun osoz diogu, baina era berean harro gaude udal gobernu hau garatzen ari den lanarekin. Zailtasunak zailtasun eta akatsak akats, uste dugu norabide egokian ari garela arraunean eta hori da garrantzitsuena. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!