EAJ eta PSEren arteko desadostasunek Gipuzkoa desgobernu egoerara eraman dute

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona 2026ko otsailaren 6a

Maddalen Iriarte Gipuzkoako EH Bilduko bozeramaileak EAJ eta PSE alderdien arteko liskarrek, Foru Gobernuari sinesgarritasuna kentzen diotela azaldu du. 

Maddalen Iriartek adierazi du EAJ eta PSEren gobernuaren baitan azken egunotan publiko egin diren desadotasun eta tirabirek argi utzi dutela herritarren beharrei bizkar emanda dabilen gobernua dela egun Gipuzkoan dagoena: “interes partikular eta alderdikoiei begira ari dira, Gipuzkoarentzako proiektu bateraturik gabe”.

2023ko udal eta foru hauteskundeetan EH Bildu indar bozkatuena izan zen Gipuzkoan. Orduan ohartarazi zuen ezker subiranistan PNV-PSE eredua agortuta zegoela. Eta hain zuzen, haiek lortutako emaitzekin nahikoa ez zutenez, PPren babesarekin eutsi zioten botereari. Helburu horrek baldintzatutako gobernu-akordioak, bistakoa da, gero eta kontraesan gehiago erakusten dituela.

Aste honetan Ayesa ITren operazioaren harira sortutako tirabirek, Pasaiako portuari lotutako desadostasunek edota etxebizitza politikaren inguruan ikusitako talkek erakusten dute gobernu-bikoteak ez duela norabide argirik. Etxebizitza larrialdi betean, adibidez, erantzun publiko sendo eta koordinatu baten ordez, komunikazio ariketa hutsak nagusitzen dira, Iriartek salatu duenez.

EH Bilduren arabera, egoera honek, finean, lidergo falta eta desgobernua erakusten du, eta Gipuzkoak egonkortasuna, norabide argia eta herritarren beharrei erantzuten dieten politika publikoak behar ditu.

Iriartek, zentzu horretan, gogorarazi du EH Bilduk hauteskundeak irabazi zituen egun berean eskua luzatu ziela PNVri eta PSEri, herritarren interesak ardatz izango zituen beste gobernantza modu bat abian jartzeko. Ez zen posible izan. Hala ere, eta egoerak eskatzen duen arduratik, Iriartek berretsi du EH Bildu prest dagoela Gipuzkoak behar duen norabide aldaketa sustatzeko eta herritarren ongizatea erdigunean jarriko duen gobernantza eredu berri bat eraikitzeko: “Konfrontazioak kolaborazioari utzi behar dio lekua. Aurrean ditugun erronkei – industria, etxebizitza, trantsizio ekologikoa edo zerbitzu publikoen indartzea– politika ausart eta partekatuen bidez erantzun behar zaie”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!