Botoen truke, edozer?

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona 2026ko otsailaren 18a

Udal politika bi modutara egin daiteke, zintzotasunez, ezberdintasunak ditugula ulertu arren, edo titular eta boto batzuen truke edozer gauza esanez.

Tamalez, legealdi honetan zehar eta bereziki azken hilabeteetan egiaztatu dugu EAJ-PNV udal taldeak bigarren estrategiaren aldeko hautua egin duela, inolako lotsarik gabe publikoki gezur borobilak jaurtiz, herritarrak engainatzeko eta boto batzuk eskuratzeko helburuarekin.

Zentzu horretan, Eneko Urdangarin Villabonako EAJ-PNVko zinegotzi eta bozeramailea erakusten ari den jokabidea penagarria dela salatu beharrean aurkitzen gara. Bozeramaile jeltzalearen etengabeko gezurrek eta manipulazio interesatuek, politikari honek duen etika falta ageri agerian uzten dute. Gustatuko litzaiguke bestela izatea, baina zoritxarrez kosta hala kosta bere alderdiari mesede egiteko eta EH Bilduko udal gobernua higatzeko darabilen estrategia, etengabe eta inolako konplexurik gabe gauzak asmatzean eta publikoki gezur argiak zabaltzean oinarritzen da.

Villabonako EAJ-PNV erakusten ari dena, oposizio politikoa egiteko modurik suntsitzaile eta zikinaren adibide garbia da; dirudienez honako hausnarketa egin du gure herrira EAJ-PNV alderdia ordezkatzera etortzen diren zinegotzien taldeak: “errealitateak edo egiak ez diezazula titular on bat izorratu”. 

Honen azken adibide argia, aste honetan Villabonako EAJ-PNVren sare sozialetan igotako bideo labur batean eta Gipuzkoako EAJ-PNVk bere webgunean argitaratutako albiste batean aurki dezakegu. Amasara doan errepidea zabaldu eta espaloia eraikitzeko Foru Aldundiak eta Udalak adostu eta elkarrekin onartutako proiektuari erreferentzia eginaz, honakoa dio hitzez-hitz Urdangarin jaunak: “Aldundia Udalarekin hitzarmena sinatzeko zain dago, 14 hilabete pasa dira eta oraindik ez da sinatu. Larria iruditzen zaigu eta udal gobernu taldeari exijitzen diogu lehen bait lehen sinatu dezala hitzarmena Aldundiarekin”.

Hemen duzue bideoaren lotura: https://www.facebook.com/reel/848760301518954

Urdangarin jaunak kamera aurrean esaten duen guzti hori, gezur hutsa dela salatzen dugu. Onartezina den gezur borobila, jendea manipulatzeko intentzio argiz jaurtitakoa, helburu alderdikoi eta elektoralista nabarmenarekin. Ze pena.

Amasa-Villabonako udal gobernua gutxienez pasa den urteko urritik (zehazki urriaren 10ean Aldundian egindako bilera batetik) darama gure herriarentzat ezinbestekoa den proiektu hau aurrera eramateko hitzarmen hori sinatzeko eskatzen Aldundiari (idatzizko mezuak ditugu baieztapen hau egiaztatzen dutenak). Iazko azaroaren 3an udal gobernuak berriro eskatu zion Aldundiari hitzarmenaren zirriborroa bidaltzeko eta hitzarmen hori 2025. urtean sinatzeko borondatea eta nahia agertu zuen. Izan ere, Udalak 700.000 euroko diru-funtsa sortu zuen 2025. urteko udal aurrekontuan, hitzarmena sinatu eta diru guzti hori proiektu honetara bideratuta eta lotuta uzteko asmoz. Azaroaren 28an Udal gobernua berriro jarri zen harremanetan Aldundiarekin, beste behin hitzarmenaren zirriborroa bidaltzeko eskatzeko. Abenduaren 10ean bidalitako beste mezu batean, Aldundiak hitzarmenaren testua osatzeko arazo teknikoak bazituen, Udalak bere baliabideak eskaintzeko prestutasuna adierazi zien Aldundiko ordezkariei.

Azkenean, hilabete honetan, zehazki pasa den otsailaren 3an, Udaletik lehen eskaera egin genuela ia 5 hilabetera, Aldundiak Hitzarmenaren lehen zirriborroa bidali zion udal gobernuari (gaztelera hutsez idatzia).

Finean hau da egia, oso erraz frogatu dezakeguna: EH Bilduren udal gobernu taldeak 5 hilabete eraman ditu Aldundiari hitzarmena eskatzen, 2025. urtean sinatzeko ahalegin sendoa egin zuen (aurrekontu osoa ezarriz eta laguntza teknikoa eskainiz) eta orain, otsailaren 3an jaso du Aldundiaren aldetik hitzarmen horren lehen zirriborroa.

Bukatzeko, manipulazio saiakera guztien gainetik eta herri-interesa lehenetsiz, EH Bildutik lanean jarraituko dugu proiektu hau errealitate bat izan dadin eta obra ahalik eta azkarren abiatu dadin. Horretarako lan egin dugu azken urteetan eta horretan jarraitzeko konpromiso irmoa dugu. Honakoa, Amasa-Villabonak behar duen proiektu garrantzitsuenetakoa baita, zalantzarik gabe.  

    

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!