Saharar errepublikak 50 urte. Gu beti Sahararekin!

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona 2026ko otsailaren 27a

EH Bilduk babes osoa adierazi dio saharar herriari, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 50. urteurrenean.

Euskal Herria eta herri sahararra beti anaituta izan dira, herri gisa dituzten eskubideen borrokak eta defentsak lotzen baitituzte. Saharar herriarentzat oso esanguratsua den egun baten bezperan, EH Bilduko ordezkaritza, Arnaldo Otegi buru, Fonte Polisarioak EAEn duen ordezkariarekin elkartu da, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 50. urteurrenean. 

Otegik eta Kortajarenak Fronte Polisarioko ordezkari berriari eta oro har euskal ezker subiranistak saharar herriari ematen dion babesa eta elkartasuna helarazi diote, Marokok bere lurraldea legez kanpo okupatzen duelako eta ondorioz Giza Eskubideen urraketa sistematikoa gertatzen delako. Horri gaineratu behar zaio Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizi den krisi humanitario larria ere.

EH Bilduk Espainiako Estatuak deskolonizatzeke dagoen Afrikako azken lurraldearen potentzia administratzaile gisa duen erantzukizuna gogorarazi nahi du eta Espainiako gobernuari eskatzen dio argi eta garbi aitor dezala Saharako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea. Era berean, nazioarteko komunitateari dei egiten diogu nazioarteko zuzenbidearen arabera joka dezan, lurraldean bakea, giza eskubideak eta egonkortasuna bermatzeko, saharar herriak estatu independente gisa eratzeko duen eskubidea oinarri hartuta.

Amasa-Villabonako Udalaren Erakunde Adierazpena

Pasa den otsailaren 25ean egindako Udalbatzaren osoko bilkuran, Amasa-Villabonako EH Bilduk aurkeztutako Erakunde Adierazpena onartu zen aldeko 11 bozka (EH Bilduko 8 eta EAJ-PNVko 3) eta abstentzio batekin (PSE).

Adierazpen osoa irakurtzeko: https://labur.eus/Sahara_50urte

 

Okupazioa amaitu!
Bakea, lurra, askatasuna, autodeterminazioa eta independentzia saharar herriarentzat!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!