Udal idazkaria, funtsezko eta ezinbesteko postua da udalaren organigraman eta funtzionamenduan. Idazkariaren txosten juridikorik eta sinadurarik gabe, Udala paralisi egoera batean murgildu daiteke; ezin dira inbertsioak esleitu, udalbatzaren bilkurarik egin, aktak onartu, udal ordenantzak aldatu etab.
EH Bildutik gogor salatzen dugu Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak ia lau urtez Amasa-Villabona Udal idazkari finkorik gabe utzi izana. 2022an Eusko Jaurlaritzak Udal idazkarien egonkortze prozesua abiatu zuen, eta Villabonako Udala 12 udalen zerrendan sartu zen. Hilabete gutxi batzuetako prozesua izan behar zuenak 3 urte iraun zituen, eta gainera bi Udal idazkaririk gabe utzi zituzten, tarten gurea. Kasualitatea? tamalez ezetz susmatu beharrean gaude. Izan ere, Jaurlaritzatik jaso ditugun erantzunek gure Udal gobernuaren jarduna boikoteatzeko intentzio politikoa dagoela pentsarazten digute.
Udaletik etengabe ahalegindu gara behingoz Udal Idazkari finko bat lortzen, baina Jaurlaritzak eta Aldundiak ez dute ezertxo ere egin arazoa konpontzeko. Ez dute laguntzeko borondaterik izan, eta salduta utzi gaituzte. Hau penagarria iruditzen zaigu, azken finean Udalarekin harremana duten herritarrak direlako arduragabekeria hau pairatzen dutenak.
Hala ere gai izan gara paralisia saihestu eta kudeaketa on bat garatzeko
Idazkaririk gabe ere, Udalak aurrera egin du gehienbat EH Bilduko gobernu taldeak erakutsitako konpromisoa, gaitasuna, eta lanagatik. Datuek hori frogatzen dute: iazkoa 2010etik inbertsio gehien egindako urtea izatea lortu dugu, aldi berean Udalaren zor publikoa jaitsiz, herritar guztien ongizatea bermatzeko gizarte zerbitzuen aurrekontua biderkatuz, gure herriaren etorkizunerako proiektu garrantzitsuak martxan jarriz etab.
Kanpotik ezartzen dizkiguten oztopo guztien gainetik udal-kudeaketa serio, arduratsu eta eraginkorra garatzeko gai izan gara, eta harro gaude horregatik. Inolako harrokeriarik gabe, etengabean horrenbeste maite dugun Amasa-Villabonaren alde gogor lan egiten jarraituko dugula hitz ematen dugu.