Gaur egun pairatzen ari garen etxebizitza krisia 10 urtetan konpontzeko EH Bilduk proposatzen duen etxebizitza politika berria azaldu eta zehaztuko da jardunaldi honetan.
EH Bilduren izenean, Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko buruak, Nerea Kortajarena Programa idazkariak eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak hartuko dute hitza.
Etxebizitza politikan adituak ere izango dira EH Bildurekin batera Tabakalerako ekitaldian. Hala, Javier Gil CSICeko ikertzaileak eta Nacho Alvarez Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen Estatu idazkari ohiak parte hartuko dute jardunaldian.
Etxebizitzarena, edo hobe esanda etxebizitza duin bat izateko ezintasuna, gure gizartean kezka eta egonezin handiena sortzen duen arazoa bilakatu da eta hori ez da kasualitatez izan. Urteetako espekulazio inmobiliario basatiak eta erakunde publiko nagusien utzikeriak ekarri gaitu honaino, eta EH Bilduk oso argi dauka etxebizitza benetako eskubide lorgarria izan dadin, administrazio publikoek eskua sartu behar dutela etxebizitzaren-merkatuan, adibidez prezioei mugak jarriz. Gero eta etxebizitza gehiago erosten ari diren funts-putreei tinko aurre egin behar zaie, etxebizitza turistikoak mugatu, alokairu babestuak sustatu, hutsik eta erabilerarik gabe dauden etxebizitzak merkatura atera etab luze bat.
Gai guzti horiek eta askoz gehiago, behar den seriotasun eta sakontasunarekin landuko ditu EH Bilduk larunbat honetan Donostian.