Bat egiten dugu Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mobilizazioekin

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona 2026ko uztailaren 10a

Munduko futbol txapelketaren testuinguruan, Euskal Herrian zehar hainbat ekimen antolatzen ari dira Zazpi Baietz, Gu ere bai! edota Gure Esku mugimenduak. EH Bildutik ekimen horietara batzeko eta gurea euskal selekzioa dela ozen aldarrikatzeko deia egiten dugu.

Futbol mundialaren oihartzun mediatiko izugarria baliatuta, hainbat mobilizazio jendetsu antolatu dituzte asteotan hiru mugimenduek Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Ekimen horiei jarraipena emateko asmoz, hurrengo asteartean, uztailaren 14an, 12:00etan giza katea egingo dute 'Euskal Herria, gure selekzioa, gure koloreak' lelopean. 

Leku sinbolikoa aukeratu dute aldarrikapen hori aurrera eramateko: Hendaia eta Irun arteko Etorbidearen Zubia. Helburu argi batekin: mundu osora zabaltzea hemen, mugaz gaindi, zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela, hizkuntza eta kultura propioa duena, bere buruaz harro dagoena.

EH Bilduk bat egiten du Zazpi Baietz, Gu ere Bai! eta Gure Esku gizarte mugimenduek hurrengo egunetarako eginiko deialdiekin, uste baitugu badela garaia euskal gizartearen gehiengo zabal baten nahia errespetatzeko, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde indarrak eta atxikimenduak batzeko eta oztopo, inposizio zein debekuen gainetik jauzi bat emateko. 

Munduko Txapelketa, hain justu, aukera paregabea da euskal gizartearen gehiengoaren borondatea ikusarazteko eta Euskal Selekzioaren ikur zein elastikoekin ozen aldarrikatzeko. Euskal Selekzioa modu ofizialean eta berdintasunez nazioarteko txapelketetan parte hartzen ikusi nahi dugulako. Ez gehiago ezta gutxiago ere.

Bagare, bagera, bagire, bagara!
Nazio bat, selekzio bat! Gurea Euskal Selekzioa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!