Gora Santio festa herrikoiak!

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona 2026ko uztailaren 23a

Badatoz horrenbeste maite ditugun Villabonako Santio jaiak eta gu ere gogo biziz gaude herriko jai-giro apartarekin gozatzeko. Festetako egunak oso bereziak dira guztiontzat eta ziur gaude momentu ahaztezinak biziko ditugula senideekin, kuadrillan eta herriko bizilagunen artean.

Eskerrak eman nahi dizkiegu jaietan ekintzak antolatzen dituzten elkarte, talde eta norbanako guztiei. Zorionez, Santioetako ekintza gehienak herriko jendeak boluntario gisa eta musutruk antolatutakoak dira eta horrek izaera herrikoi eta parte hartzaile ederra ematen die gure herriko jaiei. Horrekin batera, plazako txoznetan, gaztetxean edota berdura plazako jantokian txandak egiten dituzten lagun guztiei ere gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, sekulako lana egiten baitute herri mugimenduaren alde.

Tamalez, aurten ere Manex, Karlos eta Oskar herritarrek ezin izango dituzte festak gure artean gozatu. Gogoan izango ditugu eta helmuga denak etxean izatea dela aldarrikatuko dugu.

Amaitzeko, festa hauek inolako eraso matxistarik, indarkeriarik, arrazismorik, bazterkeriarik edota segurtasun arazorik gabekoak izan daitezela aldarrikatzen dugu. Errespetua, elkarbizitza sanoa eta elkartasuna nagusitu daitezela beti.   

Bat egin eta gozatu herriko festetan! 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!