EH Bilduk bat egiten du Asuncioneko langileek deitu duten manifestazioarekin

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona

Aiurri

Larunbat eguerdian Tolosako kaleak betetzeko deia egiten dugu. Tolosaldeak osasun zerbitzu publikoa behar du, eta guztion borroka da.

Larunbaterako Asuncioneko langileek manifestazioa deitu dute, eta EHBilduk bat egiten du beraien eskaerekin. Kalera aterako gara eskualdeak behingoagatik bere osotasunean osasun zerbitzu publikoa izan dezan. 

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak hiru eskaera eginak dizkio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta gu ere kalera aterako gara aldarrikapen horiekin. Eskualdeak behar duen ospitale publikoaren alde egitea eta klinika publifikatzea eskatu dugu; erietxean ari diren 380 langileen subrogazioa bermatzea, eta haien enplegua eta lan eskubideak babestea nahi dugu; eta zerbitzu guztiak izango dituen eta % 100 publikoa eta euskalduna izango den osasun arreta bermatzea behar dugu, eskualdeko herritarrek kalitatezko arreta jaso dezaten.

EHBildutik Tolosako kaleak betetzeko deia egiten dugu. Hau ez da soilik langileen borroka, hau eskualde osoaren ardura da. 

Eskualdeko herritarrei dei egiten diegu larunbatean, 12:00etarako, Tolosara joan daitezen, eta kaleak aldarrikapen eta eskaeraz bete ditzaten: 

  • Bada garaia negoziazioa abiatzeko eta konponbideak adosteko
  • Herritarren osasun beharrak eta langileen lan baldintzak bermatzeko
  • Dauden baliabideak aprobetxatzeko aukerak aztertzeko eta Asuncion Klinika publifikatzeko

Enpresa batzordeko ordezkariek adierazi zutenez, Osasun Sailak onartutako plan funtzionalak ez ditu langileek eta herritarrek urte luzez aldarrikatutako baldintzak bermatzen: «Plan funtzionalak osasun zerbitzuen murrizketa dakar, eta bertan proposatutako zerbitzu-zorroa Tolosaldean gaur egun eskaintzen dena baino murritzagoa da».

Gu bertan izango gara!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!