Sei hilabete, lurreratu ezinik

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2019ko abe. 13a, 08:00

Abenduaren 15ean sei hilabete beteko dira PSE-EE eta EAJ-PNVren akordioari esker bi alderdiak udal gobernuan sartu zirenetik. Negoziazioak isilean eman zituzten eta lortu zuten akordioaz ezer gutxi eman zuten argitara. Arduren banaketaz gain, ezer gehiago ez.

Lehen ehun egunak bete zituzten eta orduan egin genuen balorazioan ohartarazi genuen udal gobernuak bizi zuen noraezaz. Gobernu planik ez, eta aurretik martxan zeuden proiektuak zirela indarrean zeuden ekimen bakarrak.

Eta horrela iritsi gara lehen sei hilabeteak betetzera, urte erdi bat. Balorazio sakonak egiten hasteko ordua da. Amaitu dira “ikasten gaude” eta “hasi besterik ez gara egin” eta gisa horretako erantzunak. Legegintzaldi batean berebiziko garrantzia du lehen hilabeteetan egiten den lana, bertan finkatzen delako udal gobernu horren bide-orria, lehentasunen agenda; finean, gobernu plana.

Eta zein da lehen sei hilabete hauetatik ondorioztatu dezakeguna? Galdera horri erantzunez, kezkaz egiteko modukoa den hausnarketa egiten dugu. Aurreko agintaldian oposizioan zeudenean defendatzen zituzten ideiak alboratu eta beste irizpide batzuk defendatzen dituzte orain hainbat gaietan, gobernuko bi alderdien arteko tira-bira eta desadostasunak agerikoak dira eguneroko jardunean. Gai honek arazoak eragiten ditu hainbat esparruetan, bizefalia edo bi udal gobernu egongo balira bezala jokatzen baitute askotan.

Lidergo falta nabaria da departamentu askotan. Honek dituen ondorioekin; erreferentzialtasun falta eragile sozial, kultural edo norbanakoentzat, eztabaida politiko falta batzordeetan… kezkagarria da oso lidergo falta honek epe erdi luze batera begira utzi ditzakeen ondorioak.

Gaian sakontzeko aldizkari bat egin eta etxe guztietara banatu nahi izan dugu. Umore ikutu bat eman nahi izan diogu, egoera kezkagarria bada ere, egoera zein den ulertzeko baliagarria izan daitekeelakoan. 6.700 ale atera ditugu, eta ostegunetik aurrera banatuko ditugu etxez etxe.

EH Bilduk orain arte bezala lanean jarraituko du. Oposizioari dagokion kontrol lana eginez, baina gure proposamenak eta lehentasunak zeintzuk diren zehaztuz. Norabide horretan, 2020ko aurrekontuetarako gure lehentasunak jaso daitezen lan egingo dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!