Andoaingo EH Bilduk aurtengo inauteriei buruz egin duen balorazioa:
Andoain, 2020-02-26. Joan dira aurtengo Inauteriak. Eguraldia lagun, eta herritarren umore onari eta imaginazioari esker asteburu arrakastatsua izan da. Programan inolako berritasunik egon ez izana ez da arazoa izan. Andoaindarrak gero eta gehiago parte hartzen dute inauterietako jaian eta hori pozgarria da.
Ostegunean ikasleen festarekin hasi ziren jaiak, eta asteburu osoan zehar giro paregabea egon da herrian zehar. Aipamen berezia egin nahi dugu igandeko herri bazkariarekin, pixkanaka igandean ere jaiak indarra eduki dezan lortzen ari garelako. Lerro hauetatik, eskerrak eman nahi dizkiegu festa posible egiten duten herritar guztiei, eta duten imaginazioagatik eta umore onagatik zoriondu,
Udalaren balorazio ofizialaren zain, dugun ionformazioaren arabera ez da aparteko istilurik egon eta eraso sexistarik ez da egon. Igande goizean herrian pilatuta zegoen zaborra kezkagarria da bestalde. Ondo pasatzea denon eskubidea da, baina norberak sortzen duen zaborraren ardura hartu behar du. Horren gaineko kontzientzia hartu beharra dugu denok. Hala ere, udalak bere garbiketa zerbitzua antolatzeko orduan larunbateko egunaren dimentsioa kontutan hartu beharko du.
Bestalde, herritarrek beren etxeko balkoia atontzeko deialdirik indartsuena, udaletxeko balkoia atontzen ez ahaztea da. Horretan ere, arreta gehiago jarri beharko du udal gobernuak.
Azkenik, udalak gau-txori zerbitzua jarri ez izana ez dugu konpartitzen. Gai honen inguruan irizpide gabe ikusten dugu udal gobernua. Aurreko agintaldian San Juan jaietan eta urte zahar gauean jartzen hasi zen, pixkanaka beste jaietara zabaltzeko helburuarekin. Agintaldi honen haseran jai guztietara eramango zela esan zuten, gu ados gaude erabaki horrekin. Baina bai Sorabillan eta bai urte zahar gauean guk eskatuta jarri zuten azkenean. Inauterietarako jarriko zutela pentsatzen genuen, udalak antolatzen duen jaia izanik, eta gaiaz galdetuta “ahaztu zitzaiela” erantzun ziguten. Espero dugu 2020. urtean zehar zerbitzu honen inguruko irizpideak argitzea eta jai guztietan inork eskatu gabe gau-txori zerbitzua egotea.
Andoainen, 2020ko otsailaren 26an