Krisia hasi zenetik, “Krisi mahaia” martxan egon da Andoaingo udaletxean. Bertan, Alkatea buru, bilerak eta eguneroko informazio trukaketa egon da. EHBilduk lehen egunetik bere iritzia eta proposamenak jarri ditu mahai gainean.
Argi dugu hau ez dela lehia politikorako garaia, elkarlanerako baizik. Horrela ulertu dugu lehen egunetik, baina egia da ere, hartu diren erabaki guztiekin ez gaudela ados, eta hori esatea ere beharrezkoa da.
Hauek dira egin ditugun eta defendatzen ditugun proposamen nagusiak:
- Langileria eta barne antolaketa: langileak soilik ezinbestekoak direnak egotea lan presentziala egiten, eta hauek ondo babestu daitezela. Besteak etxetik eta nagusiki krisitik eratorritako lanak egiten.
- Bolondres taldea: Orain arte ez bezala, bolondres taldeak duen giza kapitala ikusita gure ustez udalak interlokuzio zuzena ireki behar du bolondresekin eta behar dituzten baliabideak euren esku jarri. Hau luzerako doa eta guztion laguntza beharko dugu.
- Baserritarrak: dituzten beharrak identifikatu, eta beraien produktuari irteera emateko plan bat egitea.
- Tasak eta zergak: Egoera ahulean daudenak babesteko neurriak; ordainketak bertan behera utzi egoera ahulean daudenentzat eta aurrerago modu frakzionatuan jaso eta salbuespenak eskatzeko epea berriro ireki, ERTE edo langabezia egoeran erori direnen egoera berria kontutan hartuz.
- Emergentzia fondoa; 500.000 €ko emergentzia fondo bat ireki. Horrekin, herriko merkataritza eta enpresa txikiei dirulaguntzak bideratu.
Gure proposamenak osotasunean, www.andoain.ehbildu.eus webgunean ezagutu daitezke.
Amaitzeko, gure esker beroena adierazi nahi diegu osasun arazo honekin amaitzeko lanean ari diren zerbitzu publiko guztiei eta bolondres lanean ari diren herritarrei.