Bestalde, joan den astelehenean udal gobernuak neurri sorta bat iragarri zuen. Horien artean, EHBilduk proposatutako batzuk jasotzen ziren, eta horren inguruan gure iritzia eman nahi dugu:
- Ikasle guztiek ikasteko eta gainontzeko ikaskideekin harremana izateko aukera berdinak edukitzeko helburuarekin, udalak interneteko konexiorik ez duten ikasleei konexioa jarriko zuela iragarri zuen. Erabaki egokia, gure eskaera ikasketarako gailu informatiko egokirik ez duten ikasleen beharrei erantzutea ere jasotzen zuen. Horri oraingoz ez diote erantzunik eman, baina batak bestea gabe zentzu handiegirik ez du. Gure ustez, ordenagailu batzuk erosi eta etorkizunean bestelako erabilerak emateko aukerak badaude.
- Herriko merkatarientzat 400 euroko dirulaguntza bat iragarri dute, negozioa itxita duten hilabete bakoitzeko. Baita azokan postua dutenei eta autonomei 350 eurokoa. Proposamen hau borondate onetik egina dagoela uste dugu. Eta maila horretan udal gobernua zoriondu nahi dugu. Guk proposamena egin genuenean beste zerbait genuen buruan, baina neurri hau eztabaidatzeko eta adosteko aukerarik ez dugu izan. Astelehenean eguerdiko 12tan aurkeztu ziguten bileran eta bilera amaitu eta ordu erdira publiko egin baizuten. Hala nola, oraindik denbora dago, gurekin eta baita herriko merkatari zein ostalariekin oinarriak adosteko. Gure ustez, maila ezberdinetako negozioak daude, eta denak ezin dira maila berean jarri. Beraz, diru kantitate zehatzetaz hitz egin aurretik, egoeraren diagonostikoa egin beharko da, eta dauden beharrak identifikatu. Bai komertzioan, bai ostalaritzan eta abar... Datozen asteotan, denon artean eztabaidatu eta adosteko aukera egotea espero dugu.
- Azkenik, 2020. urteko udal aurrekontua berregin beharko da. Batetik diru sarrerak guztiz aldatu direlako Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ekarpena modu nabarmenean gutxituko duela iragarri duelako, bestetik kontratuen eteteak eta sortu behar diren diru partida berriek aurrekontua berregitea eskatzen dute. Udal Gobernuari gure laguntza eskeintzen diogu, denon artean egiteko eta ahobatez onartzeko aukera dugulako. Egoeraren larritasunak eskatzen duen batasun politikoa lortuko genuke bide batez. Hori da gure asmoa eta eskeintza.