Hasteko, eskerrak eman nahi dizkizuet andoaindar guztiei, lehen hilabete honetan erakusten ari zareten jarrera arduratsuagatik. Badakit ez dela erraza izaten ari, baina momentu zail honek eskatzen duen konpromezua ari zarete erakusten eta horregatik mila esker benetan.
Gogoan ditut baita ere, azken hilabete honetan senitarteko bat edo lagun bat galdu duten herritarrak. Gertuko baten galera beti da latzgarria, eta are gehiago kasu hauetan bezala agurtu ezin baduzu. Nire besarkada estuena, hilabete honetan senitarteko bat edo lagun bat galdu duten andoaindar guztiei.
Udal langileei eta oro har zerbitzu publikoetako langileei ere nire esker ona adierazi nahi dizuet, une latz eta gogor hauetan egiten ari zareten lan izugarriagatik. Eta bereziki osasun arloko langileei eman nahi dizkizuet eskerrak. Azken urteotan murrizketekin hain kolpatua izan den osasun arlo publikoko langileei, beraien osasuna arriskuan jarriz, besteon osasuna zaintzen ari direnei.
Orain arte ikusezin izan diren eta ezinbesteko bihurtu diren, janari dendetako langile, garbitzaile, zaintzaile eta abarrei ere, nire txalorik beroena. Hemendik aurrera zuen ezinbesteko lana behar den bezala baloratuko dugula espero dut.
Baita baserritarrei ere, inoiz baino beharrezkoago ditugun honetan, zailtasunak izan badituzte ere, egunero egunero beraien uztak herritarron eskura jarri dituztelako.
Muturreko egoerek pertsonen eta gizartearen alde onena eta txarrena ateratzen dituela esan ohi da eta bada mugimendu bat pertsonen onena atera duena, bolondresen taldea. Lehenengo egunetik, beraien burua, behar gehiena duten herritarrei laguntzeko eskaini dute eta herrian horrelako bizilagunak ditugula jakiteak, harro sentiarazten nau.
Osasun krisi honek hala ere izugarrizko zehar kalteak ditu eta merkatari txiki, ostalari, autonomo eta enpresa txiki asko beraien lokala ireki ezinda eta beraien jarduera burutzeko aukerarik gabe geratu dira. Guztion laguntza beharko dute, erakundeetako laguntza oso garrantzitsua izango da baina guztion esku dago baita ere herriko merkataritza eta ostalaritza bizirik mantentzea. Orain inoiz baino gehiago erosi dezagun herriko dendatan.
Guzti hau amaitzean Andoain hobe bat egiten saiatu behar dugu. Auzolanean eta elkarlanean oinarrituko den Andoain bat. Zerbitzu publikoak indartuko dituen eta murrizketak onartuko ez dituen herri bat. Tokiko produktua, eta herriko merkataritza zaindu eta babestuko duen Andoain bat.
Azkenik, herritar asko eta asko zarete egunero egunero balkoietara txalo egitera ateratzen zaretenak eta beste asko txalo egiteaz gain, egunean zehar auzoa eta auzotarrak alaitzeko, babesteko eta laguntzeko ekintza ezberdinak egiten dituzuenak, nire txalorik beroena zuei; zuei esker hau errazago eta umoretsuago gaindituko dugu.
Iritsiko da berriz ere kaleak beteko ditugun eguna, umeak alai eta pozik jolasten ikusiko ditugun uneak, iritsiko dira lagunen eta senideen arteko topaketak eta hauek besarkatzeko egunak, bien bitartean zaindu gaitezen, zaindu etxekoak eta zaindu auzotarrak.
Gora Andoain eta andoaindarrak!