EHBilduk udal gobernuaren egungo jarrera atzerapauso bat dela uste du

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2020ko eka. 29a, 13:13

Gure aldetik urtebete eztabaida eskatzen pasa eta gero, osteguneko plenoan guk aurkeztutako mozio bati esker gaia eztabaidatu ahal izan zen. Bidegik esleituko duen proiektuaren idazketak, A-15aren amaiera kaxkarrak Bazkardoko lotunean sortzen dituen erretentzioak konpontzea du helburu bakarra.

Proiektu berri honekin, behin-betiko  ezetza ematen zaio N-1ak Andoaingo bertebrazioan, garapenean eta herritarron bizitza kalitatean dituen ondorioei konponbidea emango dion proiektua garatzeari. Gure mozioa atzera bota ondoren, eta PSEk eta EAJrena onartu ondoren, debatea itxitzat ematen da, eta ez dago perspektiba berririk gai honetan.

Udal gobernu kideen argumentuak harrigarriak dira. Oso deigarria izan zen EAJ-PNVko eledunak udalak gaiaren inguruan eskumenik ez duela esanez, eztabaida plenoan ematearen zentzugabetasuna azpimarratzeko egin zuen ahalegina. Ez bada eztabaida munizipala, zergatik izan zen Mari Jose Izagirre martxoaren 31ean “N-1ean dagoen arazoa konpontzeko proiektu bat dugu, eta Foru Aldundiaren onespena dugu” esan zuena? Ez al zen alderantziz izango? Ez bada gai munizipala, zergatik izan zen hau beraien udal programaren neurri nagusia? Beste egun eta azterketa baterako utziko dugu Goenaga zinegotziak Ezker Abertzalearekiko erreferentziak eginez egin zuen diskurtso nostalgiko eta obsesiboa.

Deigarria izan zen ere Lainez alkateak proiektu berri honekiko egin zuen defentsa ahula.  Eta deigarria da, oposizioko zinegotzia zenean konponbide integralaren alde egiten zuen defensa sutsua, eta orain alkate izanik, eta bitarteko insituzional guztiak bere eskuetan dituenean, nola uko egiten dion aukera hau defendatzeari.

EHBildu gobernuan egon den zortzi urteotan mantendu duen jarrera bera mantentzen du. N-1 arazo haundi bat da herriaren bertebrazioan, garapenean eta herritarron bizi kalitatean, Eta udalaren lana konponbide integrala emateari begira bideratu behar da.  Aurreko proiektua ez bada bideragarria, etengabe berriak aztertuz, proposatuz eta aldarrikatuz, baina horretarako ezinbestekoa da herri ikuspegia nagusitzea, eta alderdi interesak eta alderdiarekiko obedientzia alboratzea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!