Han edo hemen, erosi Andoainen… edo Bilbon

Ekaina hasieran jarri zen martxan “Han edo hemen erosi Andoainen” kanpaina. Hilabete lehenago horrelako kanpaina bat egitea proposatu genuenez, eta beharrezkoa zela kontutan hartuz, bat egin genuen eta kanpainaren aurkezpenean egon ginen.  Hortik egun gutxira herrian zabaltzen ari zen zurrumurrua, “Bilboko enpresek egin dituzte kanpainako lan gehienak”. Orduan hasi ginen informazio eske.

Lehenik eta behin esan behar dugu hilabete baino gehiago behar izan dugula informazio osatua izateko. Gardentasun falta dagoenean susmoak indartu besaterik ez dira egiten.

Behin informazioa edukita, harritu gaituzten gauzen artean lehena, kanpainaren diseinua eta koordinazioa egiteko enpresa bat kontratatzearen beharra dago. Aurreko 8 urteetan, komunikazio gastua, azaleko gastua zela esaten zuten, eta beti kontran bozkatzen zuten. Iaz, komunikazio teknikari bat kontratatu zuten (Lanbideko dirulaguntza partzial baten bidez). Orduan, zertarako kontratatzen da komunikazio empresa bat 10.890 € gastatuz etxean badugu teknikari bat? Eta galderak egiten hasita, zergatik aurrekontua eskatzen diren 3 enpresetatik bi bilbotarrak dira eta bestea Oiartzuarra? Ez al daude komunikazio enpresak Andoainen eta eskualdean? Zergatik ez da orain arte bezala, irizpide teknikoa erabili enpresak gonbidatzeko? Zergatik nagusitu da irizpide politikoa?

Hortik hasita dena joan da bide beretik. Bilboko enpresa batek, Bilboko inprenta bati ematen dio (13.915 €). Eskualdeko inprentei aurrekontua eskatu ere egin gabe.

Kontratu txiki batzuk utzi dira herriko enpresa batzuekin egiteko eta kitto.

Guztiz salagarria iruditzen zaigu egoera hau. Andoaingo EAJren esku dago departamentu hau. Mari Jose Izagirre da Andoaingo Sustapen Ekonomikorako batzordeko lehendakaria, eta Beterri-Buruntzako lehendakaria. Bere kezka eta lehentasuna eskualdeko ekonomia sustatzea izan behar du, eta nola ez, erabakietan eredugarria izatea.

Azkenengo aldia izan dadila eskatzen dugu. Eta orain arteko irizpideak nagusitzea berriz ere. Ehbildu adi egongo da, diru publikoaren erabileraz ari gara, eta oposizioaren kontrol lana egiten jarraituko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!