"Erosi Andoain", Udalaren oharrari erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2020ko abu. 10a, 08:00

Salkin elkarteak lokal berria izan dezan (aho batez onartu genuena) egin duten hitzarmenaren berri emateko oharrean erantzun digu Udal Gobernuak. Prentsa oharraren erdia eskaini digu erantzuteko. Salkinekin egin duen hitzarmenaren berri emateko erabili duen espazio bera. Esanguratsua bata zein besteari eman dion garrantzia.

 

Gure kritikak “deitoratu” ditu Izagirrek eta “herritarrak nahasi eta desinformatu” nahi izan ditugula dio. EHBilduk informazioa eskatu eta informazio hori herritarren esku jarri du. Informazio hau lortzea hilabete baino gehiago kostatu zaigu. Horrek nahasten du, eta horrek desinformatzen du. Gardentasun falta egon da gai honetan, eta horrek indartu zituen susmoak eta zurrumurruak. Aurtengo San Juan jaien fakturekin gertatzen den bezala, aurrekontuetan eman diren aldaketen informazioa lortzeko zailtasunak izan ditugu.

Gai hau ezin da “ohiko prozedurekin” alderatu. Obra zibil baterako, edo zerbitzu zehatz baterako enpresak ez daude nonnahi, eta behar duzun hori egiten dutenak topatu behar dira eta ondoren aurrekontuak lortu. Disenatzaileak, inprentak eta abar, Andoainen eta eskualdean badaude, baina ez zaie aurrekonturik eskatu. Aurreko oharrean eta batzordean esan genuen bezala, eta erantzun ez digutena zera da: zergatik kontratatu zuten kanpaina diseinatzeko enpresa bat (Bilbokoa) komunikazio teknikari bat kontratatu bazuten iaz?

Ohiko prozeduretan, irizpide teknikoa erabiltzen da enpresei aurrekontuak eskatzeko. Batzordean onartu zuten irizpide politikoa erabili dela oraingoan. Noiztik esaten du zinegotziak zein enpresari eskatu behar zaion aurrekontua? Zinegotziak irizpide politikoak jartzeko daude, ez horrelako zereginetarako.

Kanpaina berezia zen hau. Tokiko merkataritza balorean jartzea zen helburua, gurea dena babesteko dei bat. Horregatik, bertako enpresekin eta diseinatzaileekin egiteak sinesgarritasuna eta balio erantsia emango zion kanpainari.

Hanka sartu dute, eta ohar horretan akatsa onartzeko aukera galdu du Izagirre andreak. Berriz ere alderdiaren irizpidea lehenetsi eta aurrera egitea erabaki du.

EHBilduk, herriko merkatari eta ostalariekin elkarlana sustatzen jarraituko du. Gobernuan zegoenean egin zuen bezala, orain oposiziotik udal gobernuari proposamenak eginez, edo kanpaina propioak eginez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!