Andoaingo EH Bilduren oharra:
Udal gobernuak tasak eta zergak ez igotzea aurrerapen gisa saldu nahi izan du iritzi publikoan. Bizitzen ari garen krisialdi ekonomikoan egin zitekeen gutxienekoa da. Gure proposamen asko ez ditzte aintzat hartu. Soilik ostalaritzari terrazengatik ordaintzen duten tasa hobarituko zaie. Gure proposamena izan zenez pozik gaude lortutakoagatik. Baina ez da nahikoa, merkataritza txikia zein ostalariak asko sufritzen ari dira, eta gure ustez beste tasetan ere hobariak planteatu behar ziren. Proposatu genituen gauzak (ura, hondakinak, OHZ barkatzea) beste herrietan egin diren gauzak izan dira. Zergatik babesten dituzte halako neurriak oposizioan dauden herrietan eta ez dute aplikatzen hemen gobernatzen daudela?
Azken asteotan egin dizkiegun kritikak ere eragina izan dute. 600.000 € iragarri zituzten maiatzean berraktibazio plana egiteko. Irailean jakin genuen solilik 183.000 € erabili zituztela horretarako. Batzordean eta publikoki esan genuen bezala, diagnostikoa egin eta dirulaguntza lerro berriak jarri behar dira martxan. Plenoan, sorpresaz eta inori aurrez informatu gabe (ez batzordean, ez beste markoetan) iragarri zuten beste 300.000 € jarriko dituztela dirulaguntza berrietarako. Guk argi dugu derrigorrezkoa zela hau egitea, baina, diagonostikorik gabe, berraktibaziorako plan estrategikorik gabe, nola funtzionatu daiteke? Zein izango da hurrengo burutazioa?
Titular errezaren bila ari dira lanean eta horrela nekez egin daitezke gauzak ondo. “eskualdean aintzindariak” izan zirela diote orain. Aintzindariak izan diren edo ez, ez dakigu, baina zertarako balio du horrek ez bazara eraginkorra. Urrutira joan gabe adibideak topatu ditzakegu. Hernanin dirulaguntza, bonoen kanpainatan eta bestelako ekimenetan 40€ inguru inbertitu dituzte biztanleko, Villabonan 36 € inguru biztanleko eta Andoainen kontutan izanik, 183.000 € banatu zituztela dirulaguntzetan, eta beste 81.000 € jarri dituztela beste kontzeptu batzuetan (bonoak, Salkin hitzarmena…) 17 € inguru ateratzen dira biztanle bakoitzeko. Eta hori herri hauetan aplikatu dituzten hobariak kontutan hartu gabe. Argi dago, merkatari eta ostalarientzat ez dela gauza bera herri batean egon edo bestean. Etorkizunean merkataritzaren egoera zein den aztertzen denean gai hauek kontutan izan beharko ditugu.