Sorpresaz eta tristuraz jaso genuen albistea. Gai hau batzordetik pasa gabe, alderdien eta eragileen ekarpenik jaso gabe publiko egin dute berriz ere. Inprobisazioaren eta protagonismoaren bultzadaz egiten dela dirudi, inolako plangintzarik ez baitago egoera honi aurre egiteko.
Ulertu dugunagatik, diagonostiko hau ostalari eta merkatarien artean egingo da. Gure ustez zabalagoa izan behar du, autonomoak edo krisia pairatzen ari diren sektoreak barnebildu behar ditu; kulturaren sektorea adibidez. Metodologiari buruz ere zalantzak ditugu proposatu den on-line meotodoa egokiena izango ote den.
Egunetik egunera egoera okertzen ari da, ostalaritzan neurri murriztaile gogorragoak ezarri dira. Gauzak horrela, lehengo astean onartu ziren tasak eta zergak berrikusi eta hobarien plana berreskuratu behar da. Ezin zaie %100eko zergak kobratu, lanean hainbeste murrizketa dituen sektore bati. Bidegabea da eta etorkizunari begira kaltegarria.
Polemika piztu du ere haur parkeen itxierak. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak jartzen dituen neurri eta aholkuak gogortzen badira, hauek oinarri tekniko sendoa izan behar dute. Izan al dituzte adituen iritziak kontutan neurri hau hartzerakoan? Zein irizpide tekniko erabili dute neurri hau martxan jartzeko?
Herritarrei informazioa eman behar zaie. Debekuak eta neurri berriak jarri dira martxan eta noraeza egon da herritarren artean, ostalariak euren artean bildu dute informazioa eta udalak ez du inolako komunikazio eraginkorrik bideratu. Astero errepikatzen den alkate-alkateordearen argazkitik harago, askoz gehiago behar du herri honek.
Egoera gogorra da eta horrela izango da datozen hilabeteetan. EHBildu laguntzeko prest dago. Horretarako udal gobernuko alderdiek laguntza onartu behar dute. Benetako elkarlan dinamika bat martxan jarri eta udal gobernu, talde politiko eta sektore ezberdinetako ordezkariekin batera plangintza eraginkor bat egin behar da. Elkarlanean, hori baita aurrera egiteko egongo den modurik onena.