Proposamen hori ez zen aurrera atera. PSE-EE eta EAJ-PNVk atzera bota zuten. Batzordean, inolako ekarpen eraikitzailerik egin gabe. Ezezkoa bozkatu eta egun dagoen ordenantza betearaztea onena zela esan zuten.
Egoerari buelta eman nahian, 2015-2019 agintaldian, sentsibilizazio kanpaina pare bat egin ziren. Baita txakur jabeekin bilera irekiak ere. Ordenantza hori aldatu behar zela ebidentea zen. Beraz, oposizioak ez oztopatzeko, parte hartze prozesu baten bidez egitea erabaki zen. 2018. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiari parte hartze prozesua egiteko dirulaguntza eskatu zitzaion. 2019. urteko hasieran 12.000 euro dirulaguntza onartu zuen GFAk. Udaberrian udal hauteskundeak egitekoak zirenez, parte hartze prozesua udazkenean egitea erabaki zen.
Udal gobernuan aldaketa egon zen. Parte hartze prozesu hori ez zela egingo pentsatu genuen. Gure sorpresarako, guk diseinatutako parte hartze prozesu hori iragarri zuten. Eta aurreikusitakoa baino urtebete beranduago bada ere, lehen bilera azaroaren 12an egin zen.
Ez genekien zer proposatu behar zuten. Eta beste herritar batzuekin batera bertaratu ginen. Gure harridura erabatekoa izan zen, udal gobernuaren proposamena “zonaldekako” proposamena zela ikusi genuenean. Ez hori bakarrik, parte hartzaileen artean banatu zuten proposamena bere garaian EHBilduk landutako berbera zela baieztatu ahal izan genuen.
"Parte hartzaileen artean banatu zuten proposamena bere garaian EHBilduk landutako berbera zela baieztatu ahal izan genuen".
Alde batetik pozgarria da , sei urte beranduago bada ere, PSE-EE eta EAJ-PNV konturatu direlako egun indarrean dagoen ordenantza ez dela bideragarria, eta 2014an guk proposatu genuen “zonaldekako” proposamena aukerarik onena dela onartzen dutelako.
Bestalde, amorruz ikusten dugu nola guk egindako lana inolako aipamenik edo errekonozimendurik egin gabe, lotsagabeki bereganatzen duten.
Duela sei urte ordenantza hura onartu izan balitz, gaur egun askoz hobeto geundeke. Andoaingo Udaleko gobernuan dauden bi alderdiak, alderdikeriaz jokatu zuten eta jokatzen jarraitzen dute. Sei urte galdu ditugu gai honetan. Eta hori beraien ardura da.
Ana Carrere alkate ohiaren inguruan esan zituztenak ez ditugu ahaztu oraindik. “negartia” zela “gaitasun eza” zuela ordenantzak betearazteko… oposiziokerian eroso zeuden bi alderdien jarrera suntsitzailea erabatekoa izan zen.
"Amorruz ikusten dugu guk egindako lana inolako aipamenik edo errekonozimendurik egin gabe, lotsagabeki bereganatzen duten".
EHBildu gobernuan zegoenean izan zuen jarrera berdinarekin diardu oposizioan. Herritarrekiko arduraz. Gobernuaren kontrola eginez horrela tokatzen denean, eta proposamen eraikitzaileak egiten egoerak eskatzen duenean. Eta baita ere udal gobernuan dauden alderdien jarrera negargarria salatzen orain bezala, egoerak horrela eskatzen duenean.