Tolosaldean osasun sistema %100ean publikoa izatea proposatu du EH Bilduk, baina EAJ, PSE, PP eta Voxek ezezkoa eman diote

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2020ko abe. 4a, 10:21

Eskualdean ospitale publikoa eraiki eta osasun sistema osoaren izaera publikoa bermatu beharra aldarrikatu du Ibai Iriartek. Asuncion klinikako langileak sisteman integratzearen alde agertu da.

EH Bilduk Tolosaldean osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatekoa bermatzeko beharrezko neurri guztiak har ditzala eta, gainontzeko eskualdeetan bezala, %100ean publikoa izango den Erakunde Sanitario Integratua (ESI) ahalbidetu dezala eskatu dio Jaurlaritzari. Proposamena Ibai Iriartek ekarri du Legebiltzarrera, baina EAJ, PSE, PP eta Voxen ezezkoarekin egin du topo. EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Tolosaldean ospitale publikoaren aldarria aspaldikoa dela, eta pozik agertu da EAJk eta PSEk azkenean eskari horrekin bat egin dutelako; hala ere, ohartarazi du, aldarrikapen horretatik harago joan beharra dago, gakoa eskualdeko ESIak, hau da, osasun sistema osoak, izaera publikoa izango duela bermatzea delako, betiere bertako udal guztiekin elkarlanean.

Eskualde mailako ospitale publikoa martxan jartzeko bidean, Iriartek 2021eko aurrekontuetan zuzkidura txertatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, proiektuari ekiteko. Azaldu duenez, prozesu horren baitan Asuncion klinikak aurrerantzean izan behar duen funtzioa eta eredua, publikoa betiere, zehaztu eta adostu behar da, bai eta bertako langileen etorkizuna ere. Azken puntu horri dagokionez, klinikako langileak osasun sistema publikoan integratzearen alde agertu da Iriarte. “Formula juridikoa bilatu behar dugu horretarako; urteak eta urteak dira Osakidetzaren zerbitzua eskaintzen ari direla, askoz lan baldintza kaskarragotan eta egunerokoan-egunerokoan beraien guztia eta gehiago jartzen dute. Merezi dute erantzun bat hauei guztiei ematea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!