EH Bilduk udalaren benetako gastua zein den argitzeko eskatuko dio alkateari

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2021ko api. 16a, 13:49

Urtarrilaren 28an onartu zuten udal-aurrekontua, gure aurkako botoarekin. Egun bat beranduago, jendaurrean iragarri zituzten "arduratsuak eta estrategikoak" zirela esanez. Hiru hilabete ere ez dira igaro, eta aurreztutako diruaz baliatzen ari dira aurreikusi behar zituzten gastuak ordaintzeko.

Aste honetan ustekabeko egoera bati aurre egin behar izan diogu udaletxean. Astelehenean, zerbitzuetako batzordean, udal-gobernuak aurreztutako dirutik 100.000 euro hartzea proposatu zuen aurreikusitako bi zerbitzu ordaintzeko: arrapala mekanikoen eta eskailera mekanikoen mantentze lanak eta herriko autobus zerbitzua. Asteazkenean, kulturako batzordean, aurrekontuan aurreikusitako beste proiektu batzuetarako 220.000 euro hartzea proposatu ziguten.

Guztira, 320.000 euro 48 ordutan, aurrekontua onartu zenetik 3 hilabete ere igaro direnean. Aurreikusitako gastu arruntaren %100 aurreikusten ez zuen aurrekontua onartu zuten. Horrelako jarduerek berretsi baino ez digute egiten aurrekontu horiei eman genien ezezkoa, gaizki landuak eta engainagarriak baitziren.

Aurreztutako dirua ez da horrela erabiltzeko. EH Bilduk beti defendatu du diru hori ezustekoetarako eta inbertsioetarako erabili behar dela. Horregatik, hurrengo ogasun batzordean alkateari eskatuko diogu argitu dezala ea aurrekontuan aldaketa gehiago aurreikusten diren gastuak ordaintzeko, edo aurrezkiak erabiliko diren herrian behar diren inbertsioetarako, orain erabat geldituta baitaude; hala nola Mimendiko arrapala, ur-hornidura sarea berritzeko proiektuak, Juanita Alkaingo saneamendua, edo Allurraldeko bigarren pista estalia eta udal liburutegi berria bezalako proiektu estrategikoak. Aurreztutako dirua horrelako proiektuetarako erabili behar da, ez bere garaian koadratzeko gai izan ez ziren aurrekontuak koadratzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!