2019ko maiatzean lortu genuen emaitza bikainetik bi urte betetzen direnean, egun hartako ilusio berberarekin dihardugu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2021ko mai. 26a, 10:46

Gaur bi urte betetzen dira 2019. urteko udal hauteskundeak modu nabarmenean irabazi genituenetik. 8 urtez Andoaingo Udala gobernatzen egon eta gero, herritarren babes zabala jaso genuen. Eta EHBilduren emaitzarik onena ez ezik, Andoainen inoiz hautagaitza batek lortutako boto kopuru handiena jaso genuen.

Ordutik hona egin diren hauteskunde deialdi guztietan EH Bildu lehen indar politikoa izan da. Andoaindarrengan konfidantza handiena sortarazten duen indar politikoa gara, bai udal hauteskundeetan zein beste erakundeetan ordezkatuak izateko. Ez dago sari handiagorik politika egiteko modu zintzo eta gertuko bat dagoela pentsatzen dugunontzat.

Bi urte hauetan denetarik bizi izan dugu, hauteskundeak irabaztearen gozoa eta inbestiduran alkatetza ez eskuratzearen gazia. Oposizioaren lan nekeza egitea batzuetan baina baita ere gure proposamenak aurrera ateratzen direla ikustearen poza bestetan.

Azken urtea oso gogorra izan da. Denontzat. COVID-19ak pentsa ezin genezakeen egoera bat ekarri digu. Egoera horretan ere EH Bilduk herritarrengandik gertu egon nahi izan du. Eta herritarren beharrak izan dira gure proposamenen erdigunean, batzuetan arrakastaz aurrera atera  eta besteetan mespretxuz baztertu badituzte ere.

EH Bilduk 10 urte bete ditu aurtengo maiatzean. 10 urte baino ez. Egoera ezberdinak kudeatzea tokatu zaigu 10 urte hauetan, baina beti gure onena eman dugula esan dezakegu. Ez genuen herritarrekin kontaktua galdu gobernuan ginenean eta ez gara besoak jeitsita egon orain oposizioan gaudela. Beti jarrera eraikitzailea izan dugu. 2019ko maiatzaren 26ko gauean genuen ilusio berberarekin jarraitzen dugu. Eta horrela ekingo diogu agintaldiaren azken bi urteetan ere. Hori da  ziurtatu dezakegun gauza bakarra. Ilusioa, konpromisoa eta lana.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!