Udal gobernu hau osatu zenetik bi urte bete direnean, Andoainek beste zerbait behar duela argi ikusten dugu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2021ko eka. 17a, 23:00

Asteartean bi urte bete ziren udal hauteskundeen ondorengo inbestidura saioa egin zenetik. Bi urte hauen balorazioa egiteko, EH Bilduko udal taldeko zazpi hautetsiak elkartu dira Goikoplazan. Bertan Andoni Alvarezek hartu du hitza. Bi urte hauetako balorazioa “txarra eta kezkagarria” dela esan du.

 “Hasierako hilabeteetan noraezean aritu ziren, erronkari neurria hartu ezinik, departamentuen banaketa egin eta bi udal gobernu baleude bezala hasi ziren lanean, baina proiekturik gabe, norabiderik gabe” esan du. Kontakizunarekin jarraitu du Andoni Alvarezek “horretan zeudela, pandemia iritsi zen, denok jokoz kanpo ginela. Andoainen beste erakundeetatik hartutako erabakiak martxan jartzera mugatu ziren, eta erabaki propioak hartu behar zirenean ez ziren oso fin ibili, adibidez, bolondresen sarearekiko adierazi zuten mespretxua, edo umeen parkeak inolako justifikazio teknikorik gabe itxi zituztenean” gogoratu du. 

Horrela iritsi gara egungo egoerara, eta udalak duen egoera eomonomikoari erreparatu nahi izan dio, “aurreko agintalditik utzi zen aurrezkiari esker, 4 milioi eurokoa, eta 2020. urtean oso gutxi gastatu zenez, aurrezki handia dago udaletxean, 9 milioi eurokoa. Aurrekontua onartu zuten urtarrilean, baina une honetan aurrekontuetan jasotakoa baino gehiago gastatzen ari dira partida asko eta askotan. Aurrezkitik ari dira bizitzen. Baina horrek, etorkizunerako arazoak sortu besterik ez du egiten” azpimarratu du. Zentzu horretan gogoratu du “herri honetan nahikoa adostasun zegoen inbertsio estrategikoen inguruan, bazirudien denak ados ginela aurreztutako dirua zertarako erabiliko zen; Kale Txiki, Kale Nagusia, Juan Bautista Erro, Joakin Larreta, Aingurasutegi eta beste kale batzuetan egin zen bezala,  ur hornidura sarea berritzen jarraitzeko, Olagaingoa eta Sorabillakoa egin ondoren, saneamendua bideratzen jarraitzeko, Arrate frontoia berritu omdoren kiroldegiko bigarren pista eraikitzeko edo Udal Artxibo berria egin zen bezala, udal liburutegi berria eraikitzeko. Hau dena bigarren maila batean dago une honetan, eta PSE eta PNV herriko perspektiba galdu eta norbera bere argazkiak ateratzeko ekimenak antolatzeko dinamika zoro batean murgildu dira” esan du.

EH Bilduko udal taldeak eginiko lana ere baloratu du Alvarezek. “Balorazioa oso positiboa da, lehen egunetik herritarren babes zabala jaso genuen, eta herriko elkarte zein norbanakoekin izan dugun harremana handia izan da. Pandemian zehar ere gure ekarpena egin dugu, eta uste dugu horri esker gauza askotan egindakoa hobetu dela, adibidez merkataritza eta ostalaritzari emandako laguntzetan” esan du. “Gure proposamenak baztertzeko joera bat dute gobernuan, baina gauzatzen ari diren gehienak guk hasitakoak edo proposatutakoak dira. Martxan jarriko dituzten azkenak adibidez; Zerbitzuetako pabiloia Illarramendin, Mimendiko arrapala edo Goiburuko plaza eraberritzea”.

Amaitzeko etorkizunera begiratu nahi izan du EH Bilduko eledunak “bi urte geratzen dira, eta bi urte hauetan gertatuko dena aurreikusi dezakegu, propaganda asko baina mami gutxi. Koalizio gobernu honek eman behar zuena ikusi dugu. Eta argi eta garbi ikusten dugu beste zerbait behar duela Andoainek. Horren alde egingo dugu guk” esan eta agerraldia amaitutzat eman dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!