Eztabaidak iraun artean, zarata gutxitzeko neurriak adostuko lirateke GFA-rekin. Bi hilabete pasa dira, eta legez horrela egin behar badute ere, ez dugu erantzun ofizialik jaso. Udal Gobernu honen jarrera gero eta harroagoa dela esan genuen duela hilabete, eta gauzak ez dira aldatu. Eta aldatzekotan okerrera egin dute. Jarrera gero eta itxiagoa dute, zurrunagoa, eta gardentasun eza gai askoren gainean. Lehen batzordean hartzen ziren erabaki asko eta asko orain ebazpen bidez egiten dira, eta soilik derrigorrezkoa den informazioa helarazten zaio oposizioari. Bestalde gai garrantzitsuetan geldirik ikusten dugu udal gobernua; N-1aren gaian Andoaingo herriaren interes orokorrak eta estrategikoak defendatzeko, Kiroldegiaren bigarren pista martxan jartzeko, ur hoditeria berritzen jarraitzeko edo liburutegi berrian urratsak egiteko. Aipatu ditugun gai hauetan ahul dago udal gobernua, eta beraien jardun osoa ekimen txikietan eta propagandan dute ezarrita.
Iraila amaieran plenoak ahobatez erabaki zuen GFA-ri eskatzea zarata gutxitzeko neurri urgenteak hartu zitzan. Gaur gaurkoz ez dugu erantzunik jaso, eta jasoko dugun erantzunarekin baikorrak ez bagara ere, udalak horretan jarri bahar du indarra. N-1 errepidearen arazoa bere momenturik garrantzitsuenean dago. Datozen hilabeteetan erabakiko da norabide batean edo bestean egingo dena. Erabaki horretan, denok egon behar dugu, eta herri bezala iritzi bateratu bat badugu hobe. PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiarekiko menpekotasuna alde batera utzi eta denon arteko elkarrizketa ireki bat martxan jartzea eskatzen dugu berriz ere. Guk horrela eskatzen dugu, baina eragile askok ere interesa agertu dute gaiaren inguruan, eta ona litzateke denak mahai beraren bueltan eseritzea eta gaiaz hitz egitea.