Gauzak horrela, Larunbat honetarako eguerdiko 12etan Andoaingo Bizilagunen Taldeak deitu duen kontzentrazioarekin bat egiten dugu eta herritar guzitei dei egiten diegu bertaratzeko. Erabat ulergarria egiten zaigu bizilagun hauek antolatu eta kalera ateratzeko deia egin izana. Hartuko diren erabakiak, Andoaingo herriaren etorkizuna baldintzatuko dute.
Harrigarria egin zaigu PSE-EEk eta EAJ-PNVk lanerako “mahai iraunkorra” ez sortzeko eman duten arrazoia. Hobea dela tarteka, herritarrak elkartzea eta gauzak nola dauden azaltzea, eta bertan ateratzen diren desadostasunak GFA-ri jakinaraztea. PSE-EEk eta EAJ-PNVk jakin beharko lukete, horretarako ez dugula behar gobernu bat. Hori mezulari batek ere egin dezake. Udal Gobernua herriaren kudeaketa egiteko tresna bat da. Herritarren interesen arabera gobernatzeko behar dugu gobernu talde bat. Interes orokorra deitzen den horren alde lan egingo duena.
Mahai iraunkorra ez sortzeko arrazoi bakarra hau da: Andoaingo udal gobernuak GFA-k egin nahi duen proiektuari bide emango dio. Ez du inolako eztabaidarik nahi.
Une honetan Foru Aldundiak lanean jarraitzen du. Egun hauetan Bazkardoko eta N-1 errepideko alboetako gune ezberdinetan ikusi ditugu azterketak egiten. Konturatzerako proiektu definitiboa izango da mahai gainean eta obrak lizitatzen hasiko dira.
EHBildu orain arte bezala, elkarlanerako deia egiten du. Baina elkarlan hori irizpide argi batzuen gainean egin behar da; Andoaingo ikuspegi estrategikoa nagusitzea, N-1 errepidea herrigunetik ateratzea eta zarataren kontrako neurriak hartzea.