EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk modu indibidual eta diskretuan eraman dugu aurrekontuen negoziazioa. Osteguneko osoko bilkurara arte ez genuen egiaztatu PSE-EEk eta EAJ-PNVk ez zutela bi taldeek proposatutako neurri bakar bat ere onartu.
PSE-EE eta EAJ/PNVren gobernua gehiengo osoa arrabola bat bezala erabiltzen ari da. Eserlekuak banatzeko legeak zilegia den gehiengo osoa ematen die. Baina, hori al da kontuan hartu behar duten zenbaki bakarra? 2019ko hauteskundeetan, PSE-EEk eta EAJ-PNVk 3564 boto lortu zituzten, eta EHBilduk eta Podemos-Ahal Duguk 3486. 78 botok baino ez dute bereizten batzuek eta besteek lortutako ordezkaritza. Uste dute zilegitasun soziala dutela oposizioaren proposamenak horrela baztertzeko?
Hori gutxi balitz, orain arte informazio-batzordeetan soilik bizi zena, osoko bilkuran bizi izan genuen pasa den ostegunean. Oposizioko alderdiek egindako kritika eta interpelazioei ez zieten erantzun nahi izan. Jarrera harro hori batzordeetan ikusi dugu, baina orain arte ez zen osoko bilkuran gertatu.
Behin eta berriz bi gobernu balira bezala funtzionatzen jarraitzen dute. Osoko bilkuraren hasieran alkateak azaldu zuen aurrekontua, eta jarraian EAJko bozeramaileak gauza bera azaldu zuen. Zer lidergo mota erabiliko dute gobernuaren izenean aurkezpen bakar bat adosteko gai ez badira? Garrantzi handiagoa ematen diote protagonismo pertsonalari gobernuaren elkarlanari baino.
PSE-EE eta EAJ-PNVren udal gobernua Udalaren oinarrizko funtzionamendua kaltetzen ari da. Gauza bat da gehiengo osoa izatea norberak duen proiektua onartu eta ezartzeko, eta beste gauza bat, gehiengo hori, udalaren funtzionamenduarekin nahi dena egiteko erabiltzea.