Esan dugu dagoeneko, pandemiak agerian utzi duela feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan.
Genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; eta azken honek gainera, prekarizazio norabidea nabarmen hartu du.
Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu: hala ere, badaude aukerak bide hori marrazten joateko, sisteman pitzadurak irekitzeko, eta, hain zuzen ere, tokikoa da eremu egokiena.
Horretarako, erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Zentzu horretan, EHBilduk bat egiten du aurtengo Emakumearen egunean antolatu diren ekitaldiekin eta bertan parte hartzera gonbidatzen du. Aurten nabarmentzekoa da emakumeoi erreferentzia egingo digun espazio berri bat izango dugula; tamalez, aldarrikatzen dugun emakumeon parte-hartzea ez da behar-bezalakoa izan, eta hau ezinbesteko gakoa iruditzen zaigu eremu honetan aurrera egin nahi badugu. Prozesuarekin kritiko izanik ere, Plaza Morearen izendapena garrantzitsua iruditzen zaigunez, aurreratzen dugu plaza horren inaugurazio ekitaldian EHBildu bertan izango dela, eta lanean segiko dugula hori edukiz betetzeko mugimendu feministarekin batera.
Halaber, emakumeon elkarren zaintza ezinbesteko ikusten dugun honetan, EHBildutik emakumeon elkargune izango den mendi ibilaldia antolatuko dugu martxoaren 13an, bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko aldarria gorenera eramanez.
EHBilduk uste du behar bezala aurre egin behar diogula aurre daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.