Gehiegi luzatu gabe gure jarrera zein den argitu nahi dugu eta nola ez, EHBildu udal gobernuan egon denean egindako lana ekarri nahi dugu gogora.
- EHBildu eta Podemos, aurten ere bandera errepublikarra jartzearen alde bozkatu genuen. Arrazoi juridikoak ezagututa ere, jartzearen aldeko botoa eman genuen. Idatziz jasota dagoen moduan.
- Aurreko urteetan, arrazoi juridiko berberak mahai gaineratu direnean, EHBilduren udal gobernuak bandera jartzea erabaki izan du. Hemeroteka begiratu besterik ez dago hori egiaztatzeko.
- Beraz, aurten bandera jartzen ez bada. Soilik, udal gobernuak horrela erabaki duelako da.
Hau argituta, beraien oharrean hitz hauek jaso dituzte “Udalak gobernatzen duenak gobernatzen duela, bere azken 20 urteetan memoria historikoaren alde ezer gutxi egin du”. Ulergarria egiten zaigu, herri mugimenduan dagoenarentzat erakunde publikoetatik egiten dena gutxitzat jotzea. Baina denak zaku berean sartzeko egiten den ahalegin hori ez dugu ontzat ematen. Urrutira joan gabe, aurreko agintaldian EHBildu gobernuan zela, “Argentinako kereila” aurkezteko lan handia egin zen, eta baita Argituz elkartearekin “memoria partekatu baterantz” txostena eginez ere. Ez nahikotzat jo daiteke lan hau, baina agintaldi guztiak aurrekoa bezain emankorrak balira, egoera beste bat litzateke.
Harrigarria egin zaigu, testu osoan PSE-EE eta EAJ-PNV zuzenean ez aipatzeko egiten den ariketa. Denak parametro berdinen baitan lan egingo bagenu bezala. Zorionez, memoriak huts egiten duenean, hemeroteka eta udal artxiboa hor egoten dira. Horrelakoetan bertara joateam ideia ona izan daiteke.