Inbestidura saioaren bezperan, Andoainen bigarren eta hirugarren indarra diren PSE-EEk eta EAJ-PNVk lortutako gobernu itunaren berri izan genuen. Ez gara luzatuko gobernu honek Andoainentzat suposatu duenaz, balorazioa andoaindarrek egiten baitute euren egunerokoan.
Laburbilduz, legealdi hasieratik esaten ari garena esan genezake: koalizio-gobernu honekin Andoainek behar dituen inbertsio estrategikoak gelditu egin dira, edo moteldu kasurik onenean. Gai askotan, Allurraldeko bigarren pista estalian edo udal liburutegi berrian, esaterako, 2019ko ekaineko egoera berean gaude. EHBilduren aurreko gobernuak 4 milioi euro baino gehiago aurreztu zituen proiektu horietan aurrera egiten jarraitzeko, baina ez da ia aurrera egin. Zerrenda luzeegia da, baina oso urrats txikiak egin dira hainbat gaitan, hala nola ur-hornikuntzako eta saneamenduko sarean, zerbitzu-pabiloi berrian eta abar luze batean.
Deigarria da legegintzaldi honetan hasi eta amaitu den proiektu bakarra biribilgune bat izatea. Hiru urte biribilgune bat eraikitzeko. Eta biribilgune batean bueltaka egotearen sentsazio hori izan dugu oposiziotik inbertsioak berrabiarazteko proposamen zehatzak egin ditugun bakoitzean.
Udalaren funtzionamendua berrabiarazi behar da, Andoainek beste norabide bat har dezan. Eta Andoain berrabiarazteko, uste dugu EHBilduk bai gobernuan eta bai oposizioan egin dituen proposamenak beharrezkoak eta gero eta premiazkoagoak direla. Hori dela eta, iragarri nahi dugu ekainaren 10ean, 19:00etan Goikoplazan, ekitaldi publiko bat egingo dugula iragarri nahi dugu, gobernuaren hiru urte hauen balorazioa egiteko eta Andoain berrabiarazteko dagoen beharra azpimarratzeko.