Beste behin ere, gure esker ona adierazi nahi diegu jaiak egon daitezen lan bolondresa egiten duten herritarrei; auzoetako jai batzordeak, kultur taldeak, kirol klubak... herri honetako bihotza dira. Hauek geldituz gero, herria geldituko litzateke. Gure esker ona udaletxeko sail ezberdinetako langileei zabaldu nahi diegu. Jaien antolaketan, garbiketan, zaintzan... denon artean eginiko jaiak izan dira.
Aurtengo Sanjuanak hausnarketarako ondorioak ere utzi dizkigu. Aurten inoizko aurrekonturik handiena erabili da jaiak egiteko. 2019an (pandemia aurreko azken Sanjuanetan) aurrekontua 132.060,22 €koa izan zen. Aurten, likidazio defenitiboaren zain, aurrekontua 240.000€ ingurukoa izango da. %82ko igoera. Alderaketa, 14.000 eta 20.000 biztanle arteko Gipuzkoako herriekin egiten badugu, Andoaingo aurtengo Sanjuanak oso goitik joan dira.
Herrietako jaietako gastua, aurrekontuan txertatuta joan behar duen zerbait da. Gastu korrontea alegia. Horregatik, oso garrantzitsua da herriko jaietako dimentsioa eta eredua garbi izatea. Urtero egon daitekze igoerak, KPIa dela edo ekimen estra bat antolatzen delako, baina orain arte, urtez urte eta agintaldiz agintaldi Sanjuanetako dimentsioa errespetatua izan da udal gobernu guztien aldetik. Bapateko igoera honek dena hori zalantzan jartzen du. Inork ez baitaki esaten, datozen urteetan horrelako jai eredu bati heldu ahal izango zaion.
Andoaingo herriak hausnarketa egin behar du, eta udalak hasunarketa hori bideratu behar du. Zein nolako jai eta kulturgintza eredua sustatu nahi ditugu? Diruz egin daitezkeen espektakuluen jai ereduaren aldeko apostua egin nahi dugu, eta herriko identitate kulturala, eta parte hartze herritarra ardatz izango dituen jaiak nahi ditugu. Zein etorkizun dute aurrekontua igoerarik izan ez dute auzoko jaiek?
Galdera asko dira mahai gainean geratu direnak. Baina norabide berrartu behar da. Udal gobernua kontzertuen programazioan zentratu da aurten. Eta herriaz ahaztu da. Jai batzordea programan sartzea ahaztu zuen, Kaletxikiko danborradari harrera egitea ahaztu zitzaion... ahaztura gehiegi egun gutxian.
EHBildu hausnarketarako prest dago. Herri eragileekin batera egin beharreko hausnarketa da. Eta uste dugu irailetik aurrera heldu beharreko lehentasunezko gai bat dela.
Bitartean, uda dugu aurretik. Eta horiekin batera auzoetako jai gehiago. Horietan guztietan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak. Orain arteko jarrera eta alaitasun berberarekin.