Guk hasiera hasieratik gai honetan herriko alderdi politiko ezberdinetako ordezkariekin, teknikariekin eta auzo elkarte eta kaltetuekin mahai bat osatu behar litzatekela eskatzen ari gara. Agian mahai horretan ez litzateke erabateko adostasuna lortuko baina gai honek behar beharrezkoa duen herri ikuspegia gailenduko litzateke eta herri ikuspegi horren inguruan eztabaidatuko genuke.
Mahai hori osatu ez denez, mahaia ez osatzearen ondorioak bizitzen ari gara. Herritarren artean informazio falta dago, iritzi kontrajarriak daude eta batez ere herri bezala gai honen inguruan daukagun ikuspegia falta da.
Horregatik Eh Bildutik ondorengo eskaera hauek egin nahi ditugu:
- Aldundiak alegazio epea, irailaren 14 arte atzeratu duen arren, ikusita Andoaingo Udalera informazio eske joan diren herritarrak, hitzordua abuztuaren 9tik aurrera jasotzen ari direla, alegazio epea gehiago atzeratzeko eskatzea. Eta Udal Gobernutik, herritarren eskura, udal baliabide guztiak jarriko direla esan denez, hori bermatzea.
- Gai honi, herri ikuspegi batetik eta osotasunean heldu ahal izateko, alderdi politiko ezberdinekin, teknikariekin eta auzo elkarte, eragile eta kaltetuen ordezkariekin mahai bat deitzea ahalik eta azkarren.
- Udalean ordezkaritza dugun alderdi politiko bakoitzak gaiari buruzko iritzia eman eta gai honi buruz hitz egin ahal izateko, gai hau jorratuko den Hirigintza batzorde bat deitzea. Ia hilabete bat pasa da, eta alderdiok ez dakigu beste alderdiek zer iritzi duten gai honen inguruan, eta kontuan izanda irailaren 14ean bukatzen dela alegazio epea, berandu gabiltza.