Agian bi urtez jaiak ez ospatu izanak ere izango du zerikusirik baina aitortu behar dizuet hainbat bizipenekin hunkitu naizela .
Ostiral arratsaldea da, Goiburu auzoa haurrekin lagunartean joateko gustuko lekua izaten da eta gainera jaiak dira. Agian oraindik ez da ezer egongo baina goazen ea zerekin topatzen garen.
Euskal kantuak falta ez daitezen arduratzen diren Kantujirakoak, biltzen hasi dira pixkanaka, letrak eskuetan eta eskusoinu eta biolinaren laguntzaz asteburuko jaiak girotzen hasi dira.
Musikaren laguntzaz prestaketa lanetan ari da gutxienez boskote bat eta baita gauerako auzo afarirako zikiroa prestatzeaz arduratzen den lantaldea.
Haur nagusienek badakite Kantujira zer den baina txikienek galdetzen dute ea zertan ari garen…..zergatik ari garen borobilean kantuan. Gerturatu dira eta elkarrekin aritu gara heldu eta haur.
Larunbat goizerako ere badugu plana, Malkar krosa ikustera igo eta ondoren auzoko boluntarioen lanari esker hamaiketako bat egiteko aukera izango dugu . Nahi izanez gero bazkariak ere prestatzen dituzte eta konturatzerako arratsaldeko musikarekin auzo afari arte luzatzeko aukera izango da.
Igandean partidak, sagardo dastaketa….asteburua ekintzez betea da.
Ez dut asteburuaren kronika bat egin nahi baina zer datorkizue burura hitz hauek irakurtzerakoan?
Kantujira-auzo afaria-zikiroa-Malkar Krosa-hamaiketakoa-musika-boluntarioak-auzolana-haur eta helduak-euskara
Larunbat eguerdian Andoaindarra ez den lagun batek aipatzen dit: hori da hori auzo honek duen nortasuna!
Eta nik pentsatu:
Bai eta nortasun hori ez da ezerezetik sortzen den zerbait. Identitatea belaunaldiz-belaunaldi eraikitzen doan zerbait da.
Norberaren nortasuna eta baita taldearena, auzoarena, herriarena….eta jaiak egiteko moduak lagundu dezake horretan.
Askotan esan ohi da, izan zirena omen gara eta horixe da laburbilduz bizitakoa.
Jaiak, elkartzeko unea, garai bateko ohitura gaurkotuak. Adibidez, oilasko jokoa.
Aurten, azken urteetako parte-hartze handiena izan omen dute eta garai bateko auzotarrek beste modu batez egingo bazuten ere arduratu dira gaur egungoei elkarrekin batera baserriz-baserri joatearen garrantzia azpimarratzen.
Garai batean lanean ari zirenak, aurten jaiez gozatzeko aukera izan dute, beren ondorengoei testigua pasatzen asmatu zutelako.
Zer datorkizu orain burura?
Niri datorkidana esango dizuet:
Transmisioa-kultura da herriaren nortasuna-izateko gogo bat
Auzoaren oraina jaso dute eta etorkizuna marrazten ari dira, indartsu, gogotsu. Garai bakoitzean, bakoitzak bere erara egingo du baina guztiak, dantzan elkarrekin, nortasunari bide emanez.
Askorentzat ez nuen ezer berria esango baina garrantzitsua iruditzen zait jaien inguruan egiten den ahaleginetik jasotzen dugunaz hitz egitea.
Bertan ibili garenok balio asko jaso baititugu. Eskerrik asko eta gora herriko jaiak eta gora auzoetako jaiak!!
Esti Mujika Tolaretxipi