N1 ANDOAIN A15

N-1: C2 izeneko proiektua baztertu ondoren, garai berri bat hasten da, non proposamen berriak egin behar diren

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2022ko ira. 13a, 15:43

Dagoeneko 3 urte eta erdi igaro dira Andoaingo EAJ-PNVk N-1 errepiderako proiektuaren lehen zirriborroa aurkeztu zuenetik, gaur egun C2 izenekoa. Harrezkero, kontaezinak izan dira hirigintzako batzordeetan eta osoko bilkuretan gai horri buruz egin ditugun galderak, eta proposamen horren edukia eztabaidatzeko egin ditugun eskaerak.

Gogoan dugu ere 2020ko ekainean, konfinamendutik atera berritan, mozio bat aurkeztu genuela eta osoko bilkuran eztabaidatu zela. PSE-EEk eta EAJk atzera bota zuen. Gure taldearekiko deskalifikazioak entzun behar izan genituen gainera, atzo beraiek plenoan defendatu zituzten antzeko argudioak defendatzeagatik.

Atzo, azkenik, udalbatzak irmo errefusatu zuen Aldundiak idatzitako proiektua, eta proiektua geldiaraztea eskatu zuen. Zorionak eman nahi dizkiegu modu batera edo bestera gai hau eztabaidaren erdigunean jartzea lortu duten pertsona guztiei; zarataren aurkako sinadura bilketa, Sorabillako Auzo elkartea, C2aren aurkako plataforma... guztion artean eztabaida aberastu dute, eta lortu dute udalaren gehiengo zabal batek C2 proiektua geldiaraztea eskatzea.

Orain onartutakoa defendatzea dagokigu. Izan ere, ez da nahikoa onartutako ebazpena Aldundiari bidaltzea eta haiek erantzun arte itxarotea. Mozioaren helburua, atzo Goikoplazan eskatzen zena, udalak gaurtik aurrera Aldundiari proiektu horren izapide guztiak geldiarazteko eskatzea zen. Ez dezala bide horretatik jarraitu esatea. Eta udalak estrategia aktibo bat diseinatu behar du, Aldundiari argi uzteko proiektu hori ez dela egingo.

Garai berri bat ireki da Andoainen. Aldundiari proiektua geldiarazteko eskatzen zaion aldi berean, Andoaingo udalak, dauden arazoak konpontzeko proiektu bat diseinatzen hasi behar du. Udaleko talde teknikoak ezarri dituen irizpideak mahai gainean daude. Eta irizpide horien arabera proposamen bat egin behar du. Horretarako, funtsezkoa da lehenbailehen lanean hastea. Alderdi politikoak, udal-teknikariak, auzo-elkarteak, enpresak, lan-dinamika bateratu bat antolatzeko unea da, N-1 errepiderako eta Andoaingo etorkizunerako proposamen berri bat egiteko helburu bakarrarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!