Beharrezkoa den proiektu bat da baina aurkezpen horrek udal gobernuak gai honetan izan duen utzikeria agerian utzi du. Zenbat denbora pasa da ur hoditeriaren berrikuntzan azken obra egin zenetik?
Kale-Txikitik Goikoplazara ur hoditeriaren eta saneamenduaren aldaketa, Goikoplazatik Juan Bautista Erro kalera ur hoditeriaren eta saneamenduaren aldaketa, Joakin Larreta kalean beste hainbeste, Aingurasutegitik Belabi kalera, Goiburu auzoko aldaketa… presioa gutxitzeko makinak jartzea herri guztian zehar, Sorabillako saneamendua bideratzeko GFA-rekin batera egindako lanak, eta Olagain auzoko saneamenduaren proiektua idaztea.
Zerrenda hau guztia, 2015-2019 urteetan zehar egindakoak dira. Ordutik hona, ezer ez. 3 urtez jarraian Karrika-Sorabillako proiektua idatziko dutela agindu dute baina ez da ezer egin, baita Goikoplazatik Lasallera doan tramoarekin ere.
Leizotz auzoko proiektua iragarri dute, baina proiektua ez dago ez amaituta, eta are gutxiago onartuta. Beraz, esan diren epeak beteko direnik ziurtatzeko modurik ez dago. Lehengo asteko zerbitzuetako batzordean azken eguneraketak aurkeztu zituzten baina gaur gaurkoz proiektu definitiboa ez dute ofizialki aurkeztu.
Obra honen finantziazioarekin gertatutakoa ere aipatzekoa da. EHBilduren gobernuak 4 milioi euro utzi zituen kutxan egin beharreko inbertsio estrategikoak egiten laguntzeko [Kiroldegiko bigarren pista estalia, udal liburutegia, zerbitzuetako pabiloi berria edo ur hoditeria berritzen jarraitzeko] hauetako bakar bat ere ez da egin, baina jadanik inbertsioak egiteko finantziazio arazoak ditu udalak. Urte haseran 310.000 € aurreikusi ziren barredora elektriko bat erosteko. Ba orain, barredora ez dela erosiko esan digute, eta diru hori obra hau finantziatzeko erabiliko dela esaten dute. Aurreikusi ziren 700.000€ak motz geratu dira eta.
Barredora elektrikoarekin zer gertatuko den galdetu dugunean “2023. aurrekontuetan sartuko dugu” erantzun zaigu. Beraz, 2023. urtean, berriz ere barredora elektriko bat erosiko dela salduko digute. Eta horrela, urtero asmo berberak iragartzen dira, Karrika-Sorabilla edo Goikoplaza-Lasalle ur hornidura sarearekin gertatzen den bezala, Kiroldegiko bigarren pistaren proiektuarekin, edota beste gai askorekin bezala. Iragartzen dira, baina ondoren ez da urratsik egiten. Biribilgunean bueltaka jarraitzen dugu.
Udal gobernu hau agortuta dago. Ez ditu herriak zituen erronkak urrutitik ere bete. Eta horren adibide nagusia, zerbitzuetako departamentuan egon den utzikeria da. Ez da inbertsiorik egin, ez da hobekuntzarik eman, eta orain argazkiak ateratzen dira oraindik onartuta ez dauden proiektuak iragartzen.