Behingoagatik, beraien arteko argazki lehiaketa bazterrean utzi eta elkarrekin agertzen dira. Berriz ere asmoen zerrenda zabal bat aurkeztu dute. Batzuk berriak dira, beste batzuk beste urteren batean aurkeztutakoa, eta beste asko 2019tik entzuten ari garen eta inoiz aurrera egiten ez duten berberak dira.
Ezinezkoa da asmo-adierazpen hori baloratzea duela urtebeteko prentsaurreko bera baloratu gabe. Iaz ere esan ziguten 2022an gauza berri asko ikusiko genituela. Hona hemen batzuk:
2022an kale-garbigailu elektriko bat erosi behar zuten, Udaltzaingoarentzat garabi berri bat. Hirugarren urtez jarraian, ur hoditeriaren sarea berritu behar zen Karrikan eta Sorabillan, eta Ludoteka berriaren obrarekin hasi behar zen. Udaletxean eta Urigain Kultur Etxean obrak egin behar ziren, eta eraberritutako etxebizitza berriak sartu behar ziren Udalaren etxebizitza sozialen parkean. Goikoplazan estalitako eremu baterako proiektua idatzi behar zen, eta aurten iragarri den bezala, Leitzaran ibaiaren eremu bat egokitu behar zen herritarrak lasai bainatzeko. Juan Bautista Erro eta Joakin Larretaren artean igogailu bat eraikitzea iragarri zen neurri garrantzitsuenetako bat bezala, eta ordutiok hona ez dugu ezer jakin proiektu honi buruz.
Inoiz aurrera egiten ez duten proiektu handiei buruz ere hitz eginbehar dugu kasu honetan: Kiroldegiko bigarren pista estalia eta Udal Liburutegi berria. Nahi duten guztia esan diezagukete, baina errealitatea da 2019an hauek zirela lehentasun nagusiak, eta legegintzaldia amaitzear dagoenean hauxe da egin dena; behin-behineko irtenbide bat onartu da kiroldegirako, eta kanpoko enpresa batek egindako azterlan bat amaitu da liburutegi berriaren kokapena erabakitzeko. Hau da, gutxi edo oso gutxi aurreratu da.
Hutsik geratu diren lehiaketa publikoak, antza Andoaini bakarrik eragin dion pandemiaz eta barne arazo ugariez hitz egingo digute. Baina, egia esan, gobernu honek oso berandu hasi zuen legegintzaldia, eta erronkei aurre egin nahi izan dietenerako berandu izan da. Eta emaitza begibistan dago; biribilgune bat eta gutxi gehiago.
Bestalde, guztiz arduragabea iruditzen zaigu Alkateak aurrekontuetan 476.000 euroko partida ez sartzea erabaki izana. Partida hori EHBilduk Espainiako Gobernuarekin negoziatu zuen N-1 eta A-15 errepideen arazoari buruzko azterketa bat egiteko. Partida hori ofizialki onartuta dago eta kopuru zehatza du.
Partida hori ez sartzeak osrtzen duen arazoa ez da txikia. Izan ere, partida hori sartu arte ezin izango da azterketa martxan jarri, eta kontuan izanik hauteskunde urtea dela, hau gehiegi atzeratu daiteke.
Gure taldeak egindako proposamen bakar bat ere ez da onartu gobernu taldeak. Gure proposamenek gure ustez Andoainek dituen lehentasunak izan dituzte ardatz gisa:
- N-1/A-15: 250.000 €, motorrik gabeko mugikortasunari buruzko azterketa bat egiteko eta, horrela, Madrilen lortutako 476.000 €-ko partida osatzeko. 75.000 € C-IIren aurkako kanpaina instituzional bat egiteko, eta 15.000 €, berriz, tokiko mahaiaren funtzionamendu-gastuetarako.
- 60.000 €, Zubietako erraustegiak Andoainen eragiten dituen ondorioak neurtuko dituen azterlan bat egiteko.
- 50.000 €, udala berregituratzeko azterlana abian jartzeko.
- Inbertsio estrategikoak finantzatzeko akordioa. Urtero bezala, udal gobernuarekin inbertsioen egutegi bat adosten saiatu gara, behingoz gai honetan aurrera egin dezagun.
Udal Gobernuaren ezezkoak azken hilabeteetan adierazi duguna berretsi besterik ez du egiten. Gobernu honek ez ditu bete Andoainek dituen erronkak, eta, are okerrago, ez du horretarako gaitasunik.
EHBilduk, egoerak duen garrantziaz ekingo dio legegintzaldiaren amaierari.