Andoaingo Udalak ez du norabide argirik, noraezean dabil etorkizunik gabeko bide baterantz. Eta ez diogu guk bakarrik: EAJko hautagaiari entzun diogu aste honetan esaten Andoain geldirik dagoela, atzean geratzen ari dela; eta hala esan du, lotsagorritu gabe, azken lau urteetan udal gobernuan ardurak izan dituenean.
Bere hitzak ñabartu nahiko genituzke gaur: Andoain ez dago geldirik, eta horren erakusle argiagorik ezin dugu aurkitu larunbat honetan Emakumeen Nazioarteko egunaren baitan antolatu den ekitaldian ez bada: herritarrek badute aski indarra eta gogoa Andoain bizitzeko herri duin bilakatzeko; baina ezin berdina esan horren lema daraman udal gobernutik.
Andoain ez dago geldirik, udal gobernua da geldirik dagoena; ez dauka herri proiekturik, noraezean doa inora ez daraman bide batean. Andoaingo Udalak norabide aldaketa behar du. Gure herriak etorkizuna izatea nahi badugu, Andoaingo udal gobernua berrabiarazi egin behar dugu, eta EHBildu prest dago lema horri eusteko.
Hori azaltzeko ekitaldia egingo du EHBilduk datorren martxoaren 12an, igandean 11:30etan, Goikoplazan. EHBilduk herritar guztiak animatu nahi ditu bertara.