Ez da erraza ulertzen, eta, beraz, askoz ere zailagoa da azaltzen, ostegunean udaletxean bizitakoa. Eguerdian, Lainez alkateak eta Arriola Eusko Jaurlaritzako sailburuak hitzarmen bat sinatu zuten “udalerrian alokairuko babes sozialeko 96 etxebizitza eraikitzeko aukera emango duela adierazteko: horietatik 80 Amakandidan eta beste 16 Agirialai auzoan”.
Prentsa-oharra luzea da, baina paragrafo garrantzitsuenak dio hitzarmenak hirugarren eremu bat barne hartzen duela, ““Etxeberrieta, hitzarmen-sistemaren bidez egingo den jarduketa bat baitago aurreikusita eremu horretarako. Horren ardura enpresa pribatu batek hartuko du etxebizitza libreak, tasatuak eta alokairuko babes sozialekoak sustatzeko. Eremu horretan sozietate hori arduratuko da plan bereziaz eta ordezko etxebizitzak emateaz, bai eta urbanizazioa sustatzeaz ere. Sustatzailearen proiektua gauzatzen ez bada, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin egin duen hitzarmenean jasota geratu da Jaurlaritza izango dela, azken buruan, Etxeberrietako jarduketa gauzatuko duena, nahiz eta gaur egun ez dagoen aurreikusita aipatutako enpresa pribatuak konpromiso irmoa duelako jarduketa gauzatzeko ”.
Sinatutako hitzarmenak ez du hori esaten. Izan ere, hitzarmenak argi uzten du Eusko Jaurlaritzak egingo duela eraikuntza hiru eremuetan. Ama Kandida, Agirialai eta Etxeberrieta. Azken horretarako, desjabetze-bidea erabiliko dela zehaztuz.
Joan den osteguneko ohiko osoko bilkuran gai horri buruz galdetu genionean, alkateak esan zuen gehigarri edo eranskin bat egingo dela, eta, horrela, sustatzaileak eraiki ahal izango duela, “dena ondo badoa” .
Gai honetan ez dago segurtasun juridikorik. Gaur egun ez dago eranskin edo gehigari bat egiteko aukera bermatzen duen txosten tekniko edo juridikorik, alkateak osoko bilkuran azaldu zuen bezala. Eta ez hori bakarrik, gehigarri edo eranskin hori posible balitz, zer zentzu du orduan Agirialai eta Ama Kandidaren lurrak Eusko Jaurlaritzari lagatzeak, inolako ordainik gabe, lagapen horren helburua Eusko Jaurlaritzak Etxeberrietan inbertitzea bazen?
Ba al du udal-arkitektoaren aldeko txostenik gai horri buruz? Ba al du zerbitzu juridikoen aldeko txostenik hitzarmena jendaurrean adierazitako termino horietan sinatzeko?
Oso txarra izan da PSE-EE/PNVren gobernu-taldeak gai honen inguruan egin duen kudeaketa. 2022ko uztailean, 15 egunetan,hitzarmen hau onartzeko bi osoko bilkura deitu zirenetik, ez dugu gaiaren berririk izan. Eta orain, Etxeberrietako herritar gehienen babesik ez duen hitzarmena sinatzen da, baina publikoki beraiek entzun nahi dutena esaten da.
Lainez alkateak nahaspila batean sartu du Andoaingo udala. Hurrengo korporazioak, hirigintza-garapen bat kudeatu beharrean, konponbide zaileko arazo bat jasoko du herentzian. Eta dena hauteskunde-lasterketa zoro honengatik, egunean 2-3 argazki ateratzera eraman baitu.
EHBilduk ez zuen hitzarmenaren aldeko botorik eman uztailean, alkatea gai honen inguruan egiten ari zen kudeaketak zalantzak sortzen zizkiolako. 8 hilabete horiek igarota, eta aste honetan hitzarmen bat sinatuz eta beste zerbait iragarriz egin duena ikusita, eta osoko bilkuran agertutako jarrera ikusita, gure kezka adierazi besterik ezin dugu egin.
Lainez hartzen ari den erabaki txarrek eragina izan dezakete etorkizunean, eta litekeena da korporazio berriek ezin konpontzea.
EH Bilduk beharrezko txosten tekniko eta juridikoak eskatuko ditu, legealdia amaitu aurretik eskuragarri egoteko helburuarekin.