Badira zenbait hilabete Nazio Elkarrizketa abian dugula, entzute aktiboko, kontrasterako eta eraikuntza partekatuko prozesu kolektibo handi bat. Euskal Herria mailan ez ezik, Andoainen ere, lan isilaren bitartez, diagnostiko partekatu bat adostu eta herri-proiektu komun bat eraikitzea du helburu egitasmo honek.
Izan ere, une historikoa batean bizi gara, eraldaketa sakonek -ekonomikoak, sozialak, teknologikoak eta ekologikoak- eta egungo autogobernu esparruen agorpenak zeharkatutakoa. Koiuntura horrek erronka nazional historikoa planteatzen du, eta eskala handiko erreakzioa, bultzada berria eta eraldaketa nazional berria eskatzen dituena. Eskala handiko erreakzio hori Euskal Herri mailakoa izan behar du, eta hor, gure ekimena eta gure indarra egin behar dugu Andoaindik ere.
Horregatik, gizarte-eragileekin edota erreferentziazko pertsonekin egiten ari garen bilera errondaz gain, andoaindarren iritzia ere bildu nahi dugu horretarako osatu dugun galdeketaren bitartez. Euskal Herriko eta Andoaingo indarguneez eta ahuleziez hitz egitea nahi dugu, diagnostiko ahalik eta erreala osatu asmoz. Galdeketa hauek kalean jarriko diren jaima-tan bete ahal izango dira, ondorengo egun eta tokietan:
-
Ekainak 2, asteartea. 11:00-12:30, Makaldegi inguruan.
-
Ekainak 4, osteguna. 17:00-18:30, Kai-mutur inguruan.
-
Ekainak 6, larunbata. 11:00-12:30, Juanita Alkain plazan.
Hortaz gain, QR lotura baten bitartez ere ahalko da galdetegia bete.
Nazio Elkarrizketa helmen handiko ariketa demokratikoa izatea nahi dugu, gure herriaren adimen kolektiboa aktibatu nahi duena. Entzun, partekatu eta adostu nahi dugu, guztion artean bakarrik eraiki ahal izango dugulako herri proiektu sendo bat eta, anbizioz eta lasaitasunez, aurrean ditugun erronka handiei erantzun ahal izango diegulako. Horregatik, andoaindar guztiak animatzen ditugu galdetegi hau bete dezaten.
