Orain dela 21 urte, behi zoroen (BSE) gaixotasunaren aurrean, orduko Arias Cañete ministroaren erantzun politikoa txuletoiak jatearena izan zen eta, noski, irudi haiek guztiok ikusi genituen telebistan. Baita hiltegietan zenbat behiren buru analizatzen ziren, zenbat kontrol egiten ziren… maiz entzuten genuen informazioa zen; denbora luzez entzuten egon ginen informazio zehatza eta xehea.
Baina, ez orduan, ezta orain ere, politikatik ez dira gauzak ausardiaz aztertu eta informatu. Duela 21 urte ez zen argitu, adibidez, nahiz eta orduan ere legez kanpo egon animalien hondakinak abelgorrien gizenketan erabiltzea, pentsu etxeetan zergatik zen orokorra praktika hori. Ez zen azaldu gizenketa eredu horiek eta pentsu etxeek, kasu askotan, urte batzuk arinago Europako diru-laguntzen sostengua izan zutela. Ez zen azaldu horrelako “eskandalu” baten aurrean, ez politikak, ez justiziak, apenas ez zuela inor epaile baten aurrean jarri. Ez zen argitu -kuriositatez bada ere- Europako okelaren merkatuan, horrenbeste subentzionatutako abelgorri pila erretiratu ondoren, (milioika tona eta kanal erre ziren), merkatuan ez zela inongo faltarik, ez prezio orekarik somatu, ez eta…
Oraingoan ere, 21 urte beranduago, ez da esplikatu nolatan agertu diren makroukuiluak eta antzeko ereduak; badirudi zerutik etorriak direla. Estatuak, Europako diru-laguntzek, politikak eta politikariek ez dute zerikusirik produkzio-sistema eta eredu horiekin? Ez da azaldu ere Estatuko nekazaritza alorreko Luis Planas ministroak eta Nekazaritza Ministerioak azken urte hauetan nola Estatuan ganaduzaleak animatu dituzten tamaina handiko ukuilu horiek ipintzen, ondoren Txinatarrei merkatu global horretan txerriak saltzeko. Aldiz, informazio gabezia honetan, Estatuko gobernuko ministro batek lehen sektorean “gogoeta” eskatu duenean Nazio Batuen GIH-2030 testuinguruan, bada… Badugu betiko politikaren erantzuna: espektakulua. Lotsa gutxiz, politikarien eta abelgorrien argazkiak, irudiak ikusi ditugu nonahi.
Izan ere, azken urteetan, politikak orokorrean ez dio minutu eta gogoeta gehiegi eskaini lehen sektoreari, ez Legebiltzarreko eztabaida orokorretan, ezta Kongresuko nazio eztabaida deitzen diren horietan ere. Ez eta, adibidez, Europako hauteskundetan alderdien programetan Europako Nekazaritza Politika Erkideaz (PAC) proposamenak egiten, ez… Kontrara, politika ofizialaren erantzuna zein izan da? Lehen, ministro txuletoi jalearena, eta oraingoan, politikari cowboyen argazkiak plazaratzearena.
Lehen sektorean gogoetetan sakontzea Euskal Herrian ere nahitaez egin beharrekoa dela deritzot. Euskal Herriko lehen sektorea desberdina dela esaten badugu, gurea nekazaritza familiarra dela esaten badugu, desberdindu izan dugu eredu hori merkatu orokorrean? Zein dinamika erabili dugu eredu desberdinak merkatuetan bereizteko, ukuiluetan bereizteko eta batez ere kontsumitzaileei begira bereizteko? Ekoizpen estentsiboa bultzatu dugu Euskal Herrian? Euskal Herrian posible izango da Estatuan elkarte asko eskatzen ari diren estentsiboa desberdintzeko zigilu hori martxan ipintzea?
Zertifikazioak, akreditazioak, kontrolak, legediak... Ez dira makroukuiluek beren eredua babesteko orain dela aste gutxi erabili dituzten hitzak? Eta, guk ez dizkiogu hitz berberak (kontrola, legedia…) bertoko produkzioari erantsi eta kontzeptu nagusi bezala erabili azken urte hauetan? Guk zein “bide” erabili dugu “gurea” babesteko eta bultzatzeko? Ez gara aritu bestearen hizkuntzarekin gurea babestu nahian? Zein hiltegi eredu bultzatu eta bultzatzen ari gara Euskal Herrian?… Baserritarrari lagundu diogu estentsiboarena merkatuan islatzen? Baloratu eta desberdindu izan dugu abelgorrien kanalean, adibidez, estentsiboa, amaren esnea, giltzurrinarena, berdea jatearena... Kanalei prezioa ipintzeko momentuan? Abelgorrien prezioen eredua, gehienbat konformazioa baloratuz, ez digu guri Binefarko lonjak ezarri? Eta Binefarkoa ez da azken hamarkadetan makro-ukuiluen sintonia berdinean aritu den makrohiltegi bat?… Ez al dugu azeria oilategia zaintzen ipini?
Nire iritzian, lehenik, bertoko kalitatea prezio duinean ordaintzean hasten da guztia: jasangarritasuna, klima aldaketaren kontzientzia, lehen sektorearen iraupena eta baita nekazaritza familiarraren babesa ere. Duela 21 urteko txuletoiaren irudiek, egungo politikarien argazkiek edota Europan animalien ongizate eta digitalizaziorako diru funtsek, seguruenik, oraingoan ere ez diote produkzio estentsiboari eta familia-nekazaritzari merkatuetan bereizten lagunduko.
Bigarrenik, iruditzen zait XXI. mendean elikagaiak balio eta mezu sozialei lotzea izango dela modurik egokiena produkzio-sistema jakin baten eta familia-nekazaritzaren alde aritzeko. Eta ez naiz ari diru-laguntzez (Europako diru funtsen 100 milioiez), ekonomian eta merkatuan beste modu eta bide batzuei ateak irekitzeaz ari naiz. Horixe izango baita, benetan, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuetan (GIH) sinestea.
Eta, azkenik, makroukuiluen aferak berriro ere honako errealitate hau erakusten digu: gaur egun merkatu globalean funtzionatzen duten eredu eta interesak oso urrun daudela gizartearengandik eta interes politiko kolektiboengandik. Baina, beste irakurketa eta ikasgai bat ere badu, nire ustez, makroukuiluen aferak: elikagaien munduan makro mezuak oso ahulak direla eta betiko sistema politiko eta ekonomikoaren babesa behar dutela ekonomian sustengatzeko; eta ekonomian aldaketak sustatzeko mikrotik hasi behar dela lanean eta horrek eragin zuzena duela eta izango duela etorkizunean ere lehen sektoreko ekonomietan.
Bestalde, Euskal Herrian trantsizio garaian ohikoak ziren udaletxeetan baserritarren komisioak, baserritarren zinegotzi eta ordezkariak… Denborarekin, baina, desagertzen joan dira politika eta lehen sektorearen arteko lotura horiek. Politika lokala urruntzen joan da lehen sektoretik eta, zer esanik ere ez, merkatutik. Atzerapauso itzelak eman dira alor horietan, adibidez, gogoratzea besterik ez dago orain dela ez denbora asko udaletxeak zirela hiltegien zerbitzua eskaintzen zuten entitateak Euskal Herrian. Zergatik izango ote zen? Eta orain zer egingo dugu politika lokaletik lehen sektoreari etorkizunean laguntzeko? Atzera begiratu beharra dago gertatutakoa ulertzeko, baina aurrera begiratu beharra dago etorkizunean baitago guztiaren gakoa. Nola lagunduko diogu lehen sektoreari?
Uste dut Nazio Batuen 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) aukera itzela direla Andoain, Urnieta, Asteasu, Aduna, Amasa-Villabona, Larraul, Zizurkil bezalako udaletxeentzako, hau da, aukera ederra lehen sektorearekin elkarlanean arituz lehen sektorea suspertzeko. Euskal Herriak lehen sektorea behar du, eta hein berean behar du lehen sektore hori Andoainek, Asteasuk… Eta Asteasun ekoizten dena Andoaingo eskola eta ikastoletako jantokietan, dendetan eta abar salduko eta merkaturatuko balitz? Agian, oraintxe da momentu aproposa proiektu kolektiboetan oinarrituz eta elkarlanean arituz enpresa berri eta errentagarriak sortu eta etorkizuneko proiektuak bermatzeko. Hots, beste eredu ekonomiko batzuei ateak irekiko dizkioten bideak martxan ipintzeko. Klima aldaketari erantzuna eman eta Nazio batuen GIHekin bat etorriko diren proiektuak. Gainera, euskara bera, Larramendi Kultur Bazkuna eta Aiurri bezalako proiektuak bisio eta enpresa berri horietara batu daitezke; dagoeneko elikagaien merkatuan bisio berriekin erantzuten ari diren modura, adibidez, Nafarroan Errigora proiektua, Orona enpresa Hernanin...
Bukatzeko, Garzon ministroak abiatu duen abeltzaintza estentsiboaren debateak zerikusi zuzena du mundu globalean elikagaien merkatuan agintzen dagoenarekin. Francisco aita santuak ere askotan aipatzen du munduan zehar toki askotan jasaten duten gosearekin amaitzeko, elikagaien merkatu globalak ezin duela horrela jarraitu. Bada, betiko merkatu eta interes horiek Euskal Herrian ere ezin dute horrela jarraitu. Nire iritziz, mikrotik eragiten diren aldaketak eta martxan ipintzen diren eredu berriak izango dira gakoa etorkizunean aldaketa horiek sustatzeko.
Eta Aiztondok eta Buruntzaldeak pausoak aurrera eman eta etorkizuneko ekonomian eta merkatuan aritzeko bide berriei ateak irekitzen badizkiete?