Oso globala izan den pandemiak ez digu ezer irakatsi. Edo irakatsi behar zienei, gutxienez politikariei eta makroenpresetako buruzagiei, garbi dago ezer gutxi irakatsi diela eta betikoan dihardutela. Ondorioz, Garapen Jasangarrirako Helburuak (ODS) urte gutxiren buruan interes pribatu batzuen esku geratu direla antzeman dezakegu. Ez ikusiarena egitea bezalakorik ez dago denak berdin jarrai dezan.
Bada, tristea da guztia, oso tristea. Baina, tristeena, pandemiak elikagaien, klima aldaketaren eta ekonomiaren arteko erlazio berri bat eskatu zigula eta politikariek eta distribuzio handietako agintariek betikoan jarraitzen dutela, alegia. Betiko interes ekonomikoen menpe egongo diren mezuak eta markak babesten jarraitzen dute. Ez dago berrikuntzarik ekonomian, ezta merkatuan aritzeko eran ere; berrikuntzak, soilik, teknologiarako dituzte: haragi sintetikoekin eginiko jakiak, intsektuekin eginikoak… Food 4 Future bilgarriaz estaliak eta, tartean, noski, Europako diru-funtsak, diru-laguntza publikoak...
Distribuzio handian –politikaren babesarekin– non-nahi ikus daitezke kontsumitzailea zeharo nahasten duten “sasietiketak” elikagaietan. Pandemia aurretik baino lotsagabeago dabiltzala esango nuke, beren bideari eta “negozioei” inortxok ere inolako mugarik ipini gabe baitabiltza. Uda honetan, Marokon ekoitzitako Espainiako tomateak egunero ikusi izan ditugu distribuzio handian. Baina, sasietiketak edo sasimezuak ez daude soilik kanpokotzat jotzen ditugun kateetan, “etxekotzat” dugun distribuzio kate handi horretan antzekoak ikusi daitezke, eta ez da ezer gertatzen.
Politikariek, multinazional horien buruek elikagaien erronka deitzen diote, baina zer da elikagaien erronka? Elikagaien soberakinak aspaldian mendebaldean arazo bilakatu direnean, nola da posible botere ekonomikotik eta politikotik, teknologiak eskaintzen dituen aipatutako aukera berriak munduko gosetearen amaierarekin erlazionatzea? Badago gizarte osoari adarra jotzeko modu traketsagorik?
Nire iritzian, elikagaien soberakinak eta munduko gosetea txanpon beraren bi aurpegiak dira. Zeren, txanpon hori elikagaien merkatua eta politika multinazionalen kontrolpean egotea deitzen baita. Erronka, beraz, elikagaien merkatu hori justuagoa egitea izango litzateke, eta ez beste ezer. Bada, izan gaitezen Euskal Herrian politikatik, enpresetatik, gizartetik berritzaileak horretan. Hau da, izan gaitezen berritzaileak merkatuan aritzeko eta gizarteari merkatu berriak aurkezteko ereduetan.
Baina, nonbait, ez zaie komeni elikagaien merkatuan NAZIO mezuan oinarritutako mezurik edukitzea. Horretarako desberdina izan behar baita, eta “sistema”k ezarritako erritmoan egunero dantzan dabilen politikari eta politikariari kosta egiten zaio ezer aldatzea. Halakoek ezinezkoa ikusten dute aldaketa. Eta, horrexegatik, adibidez, ez zaie komeni prezio duinen bidez lehen sektoreari etorkizuna eta ziurtasuna eman liezaioketen mezuekin aritzea. Izan ere, ekonomia eta bidearen errentagarritasuna ez dira arazo. Arazoa, “sistemarentzat”, bidea bera da; bide berriek kolokan jartzen baitute bere osotasunean hain errentagarria ez den eta oso kutsatzailea den eredua.
Aitzitik, komeni zaie betiko interes ekonomikoen menpe egongo diren mezuak eta markak babestea. Horixe zen eta da elikagaien sektorearen gakoa. Hau da, mezuak kontrolpean edukitzea, edo elikagaien mezua fribolitatez, arinkeriaz estaltzea. Modu horretan, lehen sektoreaz inongo ezagutzarik, inongo enpatiarik ez duten marketin-enpresak politikariek aurkeztu dieten “framing”aren gidoia jarraitzen ari dira lehen sektoreko ekoizpena gizarteratzeko unean, lehen sektoreko eragileei kalte itzela eginez. Kalte handia, lehen sektorea ekonomiaren anekdota gisa ikusten dutelako eta ez, pandemiak erakutsi zigun moduan, ekonomia eta ereduak irauli eta ekonomia justuagoa sortzeko erreminta gisa.
Bestalde, gaur egun enpresa publiko-pribatuak, unibertsitateak… Ongi-etorri antzekoa egiten ari zaizkio botere ekonomikotik sortu den eta “framing”a ofizial bilakatu den mezuari. Mezu ofizial hori, gainera, modu eraginkorrean gizarteratu dela esan daiteke. Horretarako, izan ere, nahikoa da unibertsitate teknologikoetan, enpresetan, ekonomian eta politikan… filosofia, etika, morala eta gogoeta soziala aldenduta edukitzea.
Ondorioz, irakaskuntzan materia horien apurrik lantzen ez denean, hooligan moduko teknikariak non-nahi agertzen dira abelgorrien metanoari egozten erru guztia. Horixe, fribolitatea eta arinkeria non-nahi. Baina, fribolitatez eta arinkeriaz aritzeak badu beste funtzio bat, “gauzak” estaltzea. Adibidez, Brasilgo kapitala duen eta Gipuzkoan kokatuko den hanburgesa sintetikoak ekoiztuko dituen enpresari dagoeneko Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro eman dizkio diru-laguntzetan. Nahiz eta hanburgesa sintetiko horien ekoizpena Europar Batasunaren barruan ezbaian dagoen, nahiz eta herrialde asko produktu horien kontra legeak egiten ari diren (Europar Batasunekoak barne), nahiz eta Estatu Batuetan ekonomikoki eta sozialki porrot galanta izan den hanburger sintetiko horien ekoizpena… Eusko Jaurlaritzak dagoeneko 4 milioi euro eman dizkio diru-laguntzetan Brasilgo kapitala duen enpresari.
Era berean, gogoratu behar da Bizkaiko eta Arabako herrialdeek urteak daramatzatela hiltegirik gabe eta, adibidez, Laudioko hiltegi berria egiteak 2 milioi euroko kostua izango zukeela; baina, horretarako ez dago dirurik, ez dago diru-laguntzarik. Bestalde, hanburger sintetikoen notiziaren aurrean, boterearen inguruan dauden entitate eta pertsonek ez dutenean gogoetarik egiten, ezta erantzukizunik hartzen ere, ezinbestean denak izan behar du arina, azalekoa, funtsik gabea; baita politikara hurbiltzen diren pertsonek ere, arinak, azalekoak behar dute izan. Ezin, bestela.
Auzi horren guztiaren gainean, mundu akademikoaren aldetik, unibertsitatetik, lehen sektorean aritzen diren hainbat enpresa publikotatik gogoeta, moralitate eskasa ikusten dut nik. Framing ofiziala inongo eragozpenik gabe onartu eta, badirudi, Euskal Herriaren xedea, soilik, Basque Country Technology-ren txapela jantzi eta mundu osoan ibiltzea izango dela etorkizunean.