Baina badirudi inork ez duela merkatuaz edo merkatuez hitz egin nahi, ezta horietan gertatzen denaz ere. Halaber, inork ez du Europa, Estatu edo Euskal Herriko nekazaritza-politikaz hitz egin nahi. Europako hauteskundeetan, estatukoetan edo autonomikoetan, ikusten dugu alderdi politikoen mezuetan apenas egon direla programa, hausnarketa edo ikuspuntu aldenduak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren gainean. Salbuespenak oso bakanak dira alderdi politiko guztien artean.
Eta nola hobetu daiteke nekazarien eta abeltzainen eguneroko errealitatea? Nire ustez, merkatuak eta merkatuek dute erantzuna, baina badirudi gutxik hitz egin nahi duela horretaz. Radio Euskadin Slow ibilbidea izeneko irratsaioa egiten duen Aitor Buendia kazetariari egin nion azken elkarrizketan aipatzen zuen berak proposatuko lukeela “Elikagaiak Alimento” izena balizko nekazaritza sail batentzat, iraunkortasunaren nekazaritzaren, slow mugimenduaren eta abarren mezua batuko lukeena, alegia. Izan ere, noski, traktoreek ez, baina elikagaiek bai esku hartzen dute merkatuetan. Eta elikagaiak dira irtenbide askoren gakoa.
Badirudi burokraziaz eta abarrez hitz egiten dugun bitartean, ahaztu egiten zaizkigula merkatu horietan jarduten duten kontzeptu eta tresna giltzarriak. Ahaztu egiten zaigu ez dugula hiltegirik Araban eta Bizkaian, ahaztu egiten zaigu agian tokiko produktuaren bereizketa banaketa handiaren interesei lotuta egon dela Euskal Herrian, eta interes horiek ez dutela zertan bat etorri behar tokiko ekoizlearen interesekin.
Eta gogoratu behar da banatzaile handiek ekoizleari ezin badie bidezko prezioa ordaindu, eta kontsumitzaileari ezin badiote arrazoizko preziorik eskaini, agian, GJHk (Garapen Jasangarrirako Helburuak) eta iraunkortasun ekonomikoak bizi ditugun garai honetan, agian krisian daudenak filosofia makroekonomikoak izan dira, banatzaile handi horien filosofiak, alegia. Gogoan ere hartu beharko da filosofia horiek arazoak izango dituztela klima-aldaketa saihestearekin, garraioaren gaiarekin eta abarrekin lotutako politika guztiekin kontraesanean ez egoteko.
Benetan, elikadura-subiranotasunaren kontzeptua erabilita gizarteari egin diezazkiokegun planteamendu ekonomiko eta komertzial berriak izan daitezke lagungarri, tokiko ekoizleek etorkizuna izan dezaten. Zoritxarrez, ordea, horiek inbertsio fondoen, bankuen eta elikagaiekin negozioa egin nahi duten etsai bilakatu dira. Eta merkatuak aipatuta, hona nire azken hausnarketa bikoitza. Bateragarriak al dira baserritarrei laguntzeko dekalogoaz hitz egitea, eta aldi berean, Europar Batasunatik datozen milioi askoko diru-laguntzen bidez Eusko Jaurlaritzatik eta Aldunditik sustatzea negozio oso pribatuak bultzatzen diren aldi berean, Donostian hanburgesa sintetikoak egiten dituzten negozio oso pribatuak? Nola nahi dugu elikadura-katean lehen sektoreak, eta gizarte osoak ere, erabakietan eta merkatuetan eragina izan dezaten, baldin eta ez baditugu kontuan hartzen erabaki garrantzitsuetan, hala nola, hanburgesa sintetikoaren gaian?