[A29 Hauteskunde Orokorrak]

Soilik PP eta VOXen ardura da lehen sektorea?

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Egibar Artola

Posible al da etorkizunari ateak irekitzea bakarrik ‘betikoari’ eta dirulaguntzei begiratuz?

Orain ere betikoa gertatzen ari dela esango nuke: lehen sektorearen gaia, bai, oso garrantzitsua da, baina hauteskundeetan eztabaida politikoetatik, legebiltzarreko politika orokorretako osoko bilkuretatik… kanpo geratzen den gaia da. Zergatik ote? Eta esango nuke antzera gertatzen dela hauteskundeen jomuga Europa, EAE, Nafarroako Foru komunitatea, udalak eta foru aldundiak direnean ere. Eztabaida politikoetatik kanpo, nahiz eta hauteskunde-kanpainaro ikusten ditugun politikariak merkaturik merkatu eta azokarik azoka lehen sektoreari babesa adierazten.

Kuriosoa egiten zait herri honek eta politikak lehen sektorearekin duen hartu-eman berezia. Agian, kanpaina batzuetan argazkia aterako dute ukuiluren batean alderdi abertzaleetako kideek ere. Baina, oro har, argazkiaz haratago eta betiko pilulez (dirulaguntzak) haratago, badago ezer? Badago politikarik? Badago mezurik? Badago gogoetarik lehen sektoreaz, gizartearekin partekatzeko?

Estatuan ere, zer diferentzia egon da, adibidez, Luis Planas (PSOE) eta Arias Cañete (PP) bi “historiko” ministerioaren buru izan direnean? Bi ministro, bi alderdi politiko, eta desberdintasuna zein izan da? Eta, era berean, zein da desberdintasuna horien eta lehen sektoreaz arduratzen diren kontseilarien artean?

Desberdintasunik egon ez eta berdintsuak izatean datza arazoa; alegia, ministro horiek Madrilen Nekazaritza Politika Erkideak (PAC) sortzen dituen diruak kudeatzera soilik dedikatu ohi dira. Ekonomia, elikagai, lehen sektore eta kontsumitzaileentzat ez dute aurkezten, ezta “pentsatzen” ere, inongo proposamen berririk. Nire iritzian, Alberto Garzon Kontsumo ministro izan zenean, makroukuiluen aferan, momentu egokia izan zen lehen sektorean gogoeta eta koherentzia apur bat lantzeko; baina, orduan ere politika ofizialaren erantzuna betikoa izan zen, baserritarrari babesa eskaini eta behiekin argazkiak ateratzearena.

Desberdintasuna, egotekotan, Europan Nekazaritza Politika Erkidea (PAC) kudeatzeko orduan autonomia gehiago eskatzea da, soilik? Ez dago besterik? Nekazaritzan, abeltzaintzan ‘euskal bidea’ egitea, ‘euskal eredua’ martxan jartzea, hori da?

Estatuan elikagai-katearen legea ez da betearazten, belaunaldien arteko erreleboa ez da ziurtatzen familia-nekazaritzari eta arrantzaleei prezio duinak ordainduta… Egungo ekonomia eta lehen sektorea ezin dira erlazionatu, ezin dira aldaketak proposatu, eta, esango nuke, ezinezkoa dela aldaketan pentsatzea ere. Badirudi ezin dela elikagaien merkatua justuagoa egin baserritarrentzat eta kontsumitzaileentzat; hau da, ezin da berritzailea izan merkatuan aritzeko orduan eta gizarteari “merkatu” berriak eskaintzeko ereduetan.

Hitzik ere ez lehen sektoreak Garapen Jasangarrirako Helburuen (ODS) ildoan dituen aukerez, ezta Zohran Mamdani (New Yorkeko alkateak) elikagaien prezioak direla-eta supermerkatu publikoaz egin duen apustuaz ere (Podemos alderdi politikoa ari da horretaz mintzatzen). Inongo intentziorik ez produkzio lokala, hezkuntzara eta ospitale publikoetara iristarazteko; ezta interes kolektiboa lobbyen negozioen gainetik ipini eta legediarekin kudeatzeko intentziorik ere. Ikusten denez, Frantzisko Aita Santuak aldarrikatzen zuenari muzin eginez, elikagaiei aurpegia ipini gabe jarraitzen dugu. Alderdi abertzaleak hauteskunde garaian ez dira lehen sektoreaz apenas mintzatzen, eta hori, nire iritzian, akats larria da. Helburua, Euskal Herria indartsu bat eraikitzea bada behintzat. Badago herri aurreraturik mundu globalean lehen sektorerik gabe? Badago etorkizunik Euskal Herriko lehen sektorearentzat betikoa egiten jarraitzen badugu? VOX eta PP alderdiak, aldiz, hauteskundeetan lehen sektoreaz mintzo dira; inongo aldaketarik proposatu gabe, beraien erara, baina, gutxienez, lehen sektorearen beharra aldarrikatzen dute. Eta, beraien kanpainan behiak eta lehen sektorea agertzen dira, oraingoan ere bai. Eta, egun, Vox alderdia –marketin asko eta oso azaleko mezuarekin bada ere– herritarren aurrean lehen sektorearen babesle moduan azaltzen dela esan daiteke. 

Emilio Delgadok (Más Madrid) Gabriel Rufianekin orain hilabete batzuk ezkerra batzeko Madrilen egin zuten ekitaldian, onartu egin zuen alderdi ezkertiarren akatsa ere izan dela azken urte hauetan lehen sektoretik ideologikoki horrenbeste urruntzea. Eta onartu zuen lehen sektorean eta ezkerraren artean “gauzak” ez direla ondo landu. Nire iritzian ere, agerikoa da “gauza” horiek ez dutela gogoeta, sakontasun eta eztabaida seriorik eduki, nahiz “gauzek” dieta beganoa, otsoa, animalismo… deiturak eduki.

Agian, lehen sektorea ekonomiara beste modu batean lotzeko proposamenari, lehen sektorean –eta, oro har, gizarte osoan– premiazko gogoeta edota lanketa sakona gehitzea derrigorrezkoa dugu euskal herritarrok; lehen sektoreari buruz, elikagaiei buruz… Oraingoan, gure ideia eta bisioa Madrilen partekatzeko. Ba ote dago Euskal Herriko lehen sektorearentzat aseguru-poliza hoberik?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!