Asteburu honetan, eta udaberriko lora bailitzan, Gipuzkoako zenbait herritan erabakitzeko eskubidea teoriatik praxiara pasa da. Alegia, erabakitzeko eskubideari izena eta izana eman diotela. Herri asko izan dira eginiko galderari erantzun ahal izan dioten herritarrak; hala nola Tolosaldeko eskualde osoa; Oarsoaldea, Hernani, Astigarraga eta Bizkaiko Larrabetzu herria.
Herrialde bakoitzean, galderak desberdinak izan dira. Entzun dudanez, asko kosta izan zaie adostasun batera iristen, baina normala da. Gai honi buruz idatzi izan dudanean beti esan dut zenbait kontzeptu nahasi egiten direla. Horregatik, ez naiz batere harritzen zenbait herritarrek ez ulertzea galderari zer erantzun. Esaterako, Gure Esku dago mugimendua sortu zenean, eta Kataluniakoarekin lotuta, nire ustean erabakitzeko eskubidea independentziarekin lotzen zen. Eta ez da hori. Erabakitzeko eskubidea eskubide demokratikoa da eta, gero zer erabaki beste gauza da. Katalunian hori ez dut inoiz garbi ikusi. Badira beste zenbait kontzeptu, hala nola, burujabetasuna, independentzia, federalismoa, konfederazioa... Ni izan naiteke Euskal Herri burujabearen aldekoa baina ez independentista. Jendeari garbi adierazi behar zaizkio kontzeptu hauek. Gaur bati entzun diot jende askok galdetzen zuela zein galdeketa da hau?; Zer esan nahi du galdera horrek? eta horrelakoak. Horrek esan nahi du pedagogia asko egin behar dela gai honen inguruan. Baita galdera formulatzeko orduan ere.
Dena den, galderak egin, egin dira eta lehen esan bezala, bailara bakoitzak berea egin du. Tolosaldean, esaterako, “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Lezo, Oiartzun eta Pasaina, aldiz, euskal estatu librea, euskal estatu bateko herritarra edota herri burujabe bateko herritarra izan nahi ote duten galdetzen zen. Astigarraga eta Hernanin: “Nahi al duzu Euskal Herria Errepublika burujabea eta independientea izatea?”.
Herritarrek kontzeptuak ez badituzte menderatzen, ez badute burujabetasuna eta independentziaren arteko desberdintasuna ikusten zail egingo zaie beraien nahiari dagokion erantzuna aurkitzen. Independentziaren aukera soilik eskaintzea arriskutsua da, zeren eta erantzuna mugatu egiten baitie batik bat kanpotik etorritakoei, edota estatu mailako alderdi politikoa defendatzen duenari.
Niri gehien gustatu zaidan galdera Errenteriakoa izan da; bikoitza da:
1 Ados al zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin?
2 Aurreko erantzuna baiezkoa bada, ados al zaude independentea izatearekin?
Lehenengoarekin ados egon zaitezke baina, agian bigarrenarekin ez. Ez baitzara independentista. Agian nahiago duzu federazio edo konfederazio bat. Ikusten denez, galderak berak badu bere garrantzia.
Galderak galdera, badirudi 30.000 bozkek status berria eskatu dutela. Partaidetzari buruz. Testuinguruan kokatzea beharrezkoa da: lehen aldia da, askori ulergaitza egin zaie ekimena, galderen konplexutasuna, eta abar. Norbera onena da botila erdi betea edo erdi hustuta ikusteko. Ez gaude ohituta horrelako ariketa demokratikoetara; bide eginaz jarraitu beharko dugu, baina, joanen gara poliki-poliki ikasten eta erantzukizuna gure gain hartzen.
Bukatu aurretik, azpimarratu nahi nuke antolakuntzan parte hartu dutenek gure errekonozimendua eta eskerra merezi dutela. Lan bikaina egin baitute hori dena antolatzen, eta horrek badu berez bere balioa. Beraz, eskerrik beroenak antolakuntzan parte hartu dutenei. Ziur nago bigarren batean emaitzak hobeak izanen direla.