Herri edota estatu batean, bizikidetza orekatua izan dadin, justizia elementu garrantzitsua da, botere legegilea eta horiek denak aurrera eramango dituen gobernua bezain garrantzitsua. Baina justiziak benetakoa izan nahi badu, ezinbestekoa da herritar guztientzat berdina izatea. Ez dadila egon Gobernuaren menpe, hots, izan dadila independentea. Bizikidetzan garrantzitsuak dira legeak, baina justiziak lege horiek egoki aplikatzen jakin behar du, edonor dela epaitua. Denok dakigu, eta ez da lege aditua izan behar justizia ez dela denontzat berdina. Horrexegatik “Justizia ez da justizia” zutabe honen goiburua.
Epaiketa kasura itzuliz, denok jabetu ginen kasuaren ustelkeriaz. Herria jabetu zen Iñakik eta Erregearen alabak bere estatusa erabili zutela diru publikoak xurgatzeko. Eta ondotxo aberastu ziren. Infantak ez zekien bere senarraren negozioen berri eta horrela izan zen ustelkeriak gainezka egin zuen arte. Sare luze-zabala eraiki zuten dirua erraz lortu eta, egoerari jarraiki, errege gisa bizitzeko. Halere, aldamioa hasi zen zatitzen eta piezaz pieza askatuz joan zen. Erori arte.
Luzea izan da Castro epaileak eraman duen kasua. Batzuk diote meritu handia duela erregearen alaba eta bere senarra epaituen aulkira eramateak. Bost urte eman ditu lan horretan eta eragozpen ugari gainditu behar izan du Infantari berari galdeketa egiteko. Honek, erantzun xelebreak, baina dirudienez eraginkorrak eman zituen: Senarrak zer egiten zuen ez zekiela, ez dela oroitzen, berak senarrarengan konfiantza osoa zuela... Epaia horrela igaro zen eta fiskaltzak azkenean emandako kondena baina handiagoak eskatu zuen. Iritsi da sententzia, hiru magistratuek idatzitakoa eta herri xumeak harrituta jaso du sententzia.
Alderdi juridikoetan sartu gabe, ni behintzat ez bainaiz aditua, edonork ikus dezake justizia ez dela denontzat berdina. Izan ere, herri honetan askotxo dakigu epaiketez, atxilotuez eta askoz gutxiagogatik kartzelan urte asko eman dituzten pertsonen kasuez.
Historia luzea da, baina azken aldian ere baditugu zenbait kasu, oraindik epaitu gabeak eta terroristatzat hartu eta terrorista bailiran epaituko dituztenak. Altsasuko kasuaz ari naiz. Taberna batean Guardia Zibilarekin liskarra izateagatik. Hainbat herritar eta agintarik kasua Iruñeko epaitegian kokatu behar dela eskatu dute. Epaileak, entzungor jokatuz, terroristatzat epaituak izan daitezela eskatu du. Kartzelan jarraitzen dute horietako askok. Justizia alorrean asko dago oraindik egiteke, justizia denontzat berdina izan dadin.
Noos auziko epaituek kartzela zapalduko duten ez dago garbi. Eta kasua eraman duen epailea harrituta dago zigortuek jasotako kondena txikiekin delituak hain larriak izan zirenean. Nago espetxe bereziak eskainiko dizkietela, tratu eta baldintza berezietan. Kondenatuek, gainera, Gorenera jotzeko aukera dute eta Gorenak erabaki bitartean, fidantzapean aske gera daitezke. Dena da desproportzioa.
Justizia, hitzez eta edukiz, gainbehera dago eta oraingoz, horrela jarraituko duelakoan nago. Justizia ez da berdina denontzat!!