Baina, asko gara uste dugunok herri honen historia, gaurkoa alegia, ezin dela eraiki iragana ahaztuta. Eta, berandu, baina herri honetan hasi zen oroimena errekuperatzen, eta duela zenbait urte espero ez zena, poliki-poliki badoa herria ahanzturaren estali hori kendu eta hainbat denboran hor ezkutuan egon den oroimen hori azaleratzen eta beharrezko duen duintasuna lortzen.
Zailtasunak era askotakoak direla esan dut eta nabarmenetariko bat justiziari dagokio. Estatuko gobernuak ez du errazten inondik ere, nahiz eta presioak handik eta hemendik ugari izan egia aurkitu, justizia egin, errekonozimendua landu eta erreparatzeko. Hor dugu Argentinako kereila, zeinera jo behar izan zen hemengo justiziak ez zuelako jaramonik egiten. Argentinara kereilari askok jo dugu; eta, hasiera hartatik Servini epailea espainiar estatura etorri izan da pertsonalki testigantzak zuzenean jasotzera; azken hilabete hauetan etortzeko asmoa bai, baina Gobernuak uko egin dio. Areago, Gobernuak, Justizia Ministeritzaren bitartez, galerazi egin die kereilatu nahi izan dutenei testigantzak hemengo epaitegietan jasotzea. Halere, eman dira zenbait kasu non epaileek, goikoen aginduari jaramonik egin gabe, testigantza horiek jaso dituzten. Zenbait Udal ere kereilari sustengua emateaz gain, kereilatu egin dira euren udalerriko krimenak salatzeko. Beste zenbait, dirudienez, bide hori urratzeko zerbitzu juridikoen informearen zain daude. Espero dezagun, azkar baina berandu auzia argitu dadin oraindik bide hori hartu ez duten udalerri eta Aldundiek bide hori har dezaten. Zailtasunen harira horra egun hauetako berria: Gasteizen 1976ko martxoan burututako sarraskia Gasteizko Udalak eta Diputazioak jarritako salaketa epaileak bertan behera utzi du Kode penalak “Lesa humanidad” deituriko delituak ez dituelako jasotzen.
Dena den, zutabearen izenburura itzuliz, azaltzen dira notizia onak ere. Oraingoa Elgoibartik dator. Oroimen institutuak eta Udalak Kolunbarioa jarri dute herriko hilerriaren ondoan; eta bertan hainbat gorpuzkin gorde dituzte. “Duintasunaren kolunbarioa” izenez bataiatu dute. Ezin izen ederragorik asmatu! Ez dut bertatik ezagutzeko aukerarik izan, baina komunikabideetan ikusi ahal genuenez, txukuna eta dotorea zirudien.
Lan hauetan dabilena Pako Etxeberria Aranzadiko presidentea ekitaldian izan zen, eta berak esandakoaren arabera, 27 gorpuzkin horiekin inoiz aurkitu ez diren gorpuak ordezkatu nahi dituzte. Hainbat herritan aurkitutakoak dira. Eta, nire irudiko, ekitaldiari ospea eta ohorea ematen dion esaldia Pakok berak adierazitako da: “Ez dira hezurrak, pertsonak dira”.
Elgoibartarrentzat kolunbarioa barne poza eta bakearen isla izanen da, noski, eta batik bat, identifikatzea lortu duten bien familientzat. Irudikatzen duzue, esaterako, Urnietan leku egoki bat horrelako kolunbario bat zeinean jaso gerra zibilean eta diktadura garaian eta ostean hildakoen izenak? Urnieta esan dut, bertakoa naizelako. Oroimen horrek, seguruenik, famili artekoei lehenik eta herritar guztiei eman diezaieke duintasuna eta bakea.
Gauzak, nahi baino motelago doaz, dudarik ez. Baina Elgoibarko Udala gainerako Udalen eredu izatea espero dugu.
Kataluniari begira
Zutabea bukatzear jarraitu ditut Kataluniako agintarien aurkako epaia eta epaiaren ingurukoak. Izan ere, ez da normala horrelako epaiketa. Astelehenean, berriz, Donostian Boulevarrean elkarretaratzea egin zen erabakitzeko eskubidea defendatuz eta Kataluniari laguntza eskainiz. Erabakitzeko eskubidea, eskubide demokratikoa dago jokoan.
Entzun dudanez, Hernani-Astigarragan martxoaren 19an egingo dutela galdeketa eta badirudi galdeketan parte hartzeari garrantzia berezia emango zaiola. Ongi deritzot jendeari galdetzea. Ez dakit Donostia inguruan eginen den, baina ez dut zalantzarik. Nik neuk bozkatu egingo nuke. Zorte on galdeketa egingo duten herri horiei eta erantzuna baketsua eta ugaria izan dadila!