Eta, nola ez, aurpegian nabaritzen zaie barne sentimenduz gainezka dutela. Euria gogotik ari du. Isiltasuna da nagusi, eta sentimenduak dira protagonista.
Ohiko ongi etorriak egin ondoren, agintariek dute hitza. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen buru Maribel Vaquero izan da lehena. Oroimena, justizia eta erreparazioa aipatu ditu, oroimenik ez duen herriak ezin baitu luzaro iraun. Eta, noski, Hernaniko hilerrian emandako fusilaketak gogorarazi ditu, oraindik bizirik dauden familiartekoei elkartasuna adieraziz. Oroimenak, justiziak eta erreparazioak, bestalde, bermea izan behar du horrelakorik berriro gerta ez dadin. Ildo beretik, eta jarraian, Hernaniko alkateak idatzi interesgarria irakurri zuen gertatutakoaren berri eman eta testuinguru egokian kokatuz. Hernaniko hilerrira Donostiako Ondarreta presondegitik hainbat eta hainbat abertzale eta gudari eraman zituzten fusilatzera. Niri bihotza ukitu zidana, Aristegi familiako seme batek irakurri zuena izan zen. Negar malko ugari isurarazi zituena, bide batez. Laurogei urte pasa dira, eta aita topa ezinik. Ama hiru semerekin geratu omen zen; txikienak hiru hilabete zituelarik. Adibide gogorra benetan! Halere, sendo eta irmo ikusi nuen gizona. Ekitaldiak musika, poesia eta bertsoak ere izan zituen, sentimendu nobleak sorrarazteko egokiak.
Eta Justizia?
Oroimenak, ordea, justizia eta erreparazioa ere eskatzen ditu. Izan ere, niri horrelako ekitaldietan parte hartzen dudanean beti zerbait falta denaren halako sentsazioa sortzen zait: Alegia, bizi izandako injustizia, tortura, kartzela eta fusilaketek nolabaiteko justizia eskatzen dutela. Badakigu, jakin, Argentinako kereila sortu zela hemengo gobernuak eta erakundeek ez zutelako onartzen.
Gerra denboran eta ondorenean jasandako errepresioa salatzera Argentinara joan ginen, kereila hasi zutenak 36koak baitziren. Argentinako kereilak salaketa asko jaso ditu, baina, gaurdaino, nahiz eta Servini epailea bera Euskal Herrira etorria den, ez du ondorio baikorrik izan. Zenbait torturatzaile aurkitu dira, hala nola, Martin Villa, Billy el Niño, Muñecas, etab.
Horrez gain, Udalak ere –ez denak– kereilatu dira hiri herrian gertatutakoak salatzeko. Halaber, zenbait epailek ere aitorpenak jaso dituzte Servini beraren aginduz. Baina, duela gutxi, Espainiako Ministro Justiziak epaileei gelarazi die horrelako aitorpenik jaso ez dezaten. Oraingo Gobernua kontutan hartuta, ez da ikusten argibiderik. Justizi ministroa lehengo berbera da.
Baina tira, aurrera egin behar da eta Hernani eta beste zenbait udalerri badoaz urratsak ematen, ez soilik oroimenean, justizian ere bai.
Duela gutxi ospatu da Iruñean zenbait udal ordezkariren bilera gaia aztertu eta urrats bateratuak eman ahal izateko. Iruñeko Udalaz aparte, Gasteizkoak ere egin du bide beretsua. Hernanikoak, oroimen ekitaldi bikain horretatik aparte, ondo egingo luke hemengo epaitegian eta Argentinakoan krimen horiek denak salatuko balitu. Justizia merezi baitute.
Hernanikoa Beste Udalerrientzat eredu
Urnietarra izanik, gustatuko litzaidake horrelako oroimen ekitaldi bat antolatzea. Oroigarri bat eraiki urnietarrok gerra denboran fusilatutakoak ezagutu ditzagun. Frankismo garaian tortura eta kartzela jasan zutenen izenak erantsiz. Urnietako herriak eskertuko luke. Lan bikaina litzateke! Hernanin egindakoa hedatuko al da inguruko udalerrietara? Zergatik ez?